27 de Maiatza de 2020
 
Actualizado 2020/04/01 09:32:30 +00:00 CET

Mintzanet egitasmoak "bidelagun" izateko izena ematera animatu ditu euskaldunak

Euskaldunen laguntza eskatzeko kanpaina
MINTZANET

DONOSTIA, 1 (EUROPA PRESS)

Mintzanet egitasmoak kanpaina abiatu du euskal hiztunei eskatzeko "bidelagun" edo laguntzaile moduan izena eman dezaten, www.mintzanet.net webgunean, etxetik mugitu gabe euskara praktikatzeko aukera ematen duen ekimenak euskaraz ongi dakien pertsonen elkarlana behar duelako, Covid-19 gaitzak eragindako egungo konfinamendu egoeran.

Mintzanet egitasmoaren helburua da euskaraz jarduteko aukera ez duen pertsonei etxetik atera gabe euskara praktikatzeko modua ematea, Euskal Herrian zein mundu osoan. Hori bermatzeko, euskaraz jardun nahi duten guztiek, edonon daudela ere, euskaraz hitz egiteko aukera dute www.mintzanet.net webgunearen bidez.

Bere arduradunek jakinarazi dutenez, egitasmoa guztiz doakoa da eta ezinbesteko bi oinarri ditu: Bidelaguna eta Bidelaria. Bidelaguna euskaraz ongi dakiena da (ez du titulurik behar); Bidelaria, berriz, euskara praktikatu nahi duena da (B1 maila izan behar du gutxienez). Une honetan, egitasmoak bidelagunak (laguntzaileak) behar ditu, eta www.mintzanet.net webgunean izena ematera animatu dute.

Euskaraz hitz egiteko aukera eskaintzeaz gain, "bestelako ondorio positiboak" ere ditu Mintzanetek: mugak gainditzea (distantzia, bakartze linguistikoa edota partaideek izan ditzaketen arazo fisikoak edo denbora eragozpenak), askotariko euskaldunen arteko elkar ezagutza sendotzea, eta, azken batean, euskaldun kopurua handitzea.

Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren babesa dauka proiektua, eta Maramara taldearen hizkuntza zerbitzuak kudeatzen du.