BILBO, 16 (EUROPA PRESS)
Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi du Monika Madinabeitia izendatu duela Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaritzaren arduradun, eta horrela, 2017ko martxotik kargua bete duen Garbiñe Iztuetari hartuko diola lekukoa.
Euskararen nazioarteko proiekzioa bultzatzea, atzerriko unibertsitateetan euskararen presentzia, ikerketa eta ikasketa sustatzea, eta euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasten duten irakasleen prestakuntza bultzatzea izango dira bere egiteko nagusiak, besteak beste.
Campo & Ochandiano giza baliabide enpresak egindako hautaketa prozesuaren ondoren, Etxepare Institutuaren Zuzendaritza Batzordeak Monika Madinabeitiaren kontratazioa baieztatu zuen urtarrilaren 19an, eta aste honetan bertan hasi da zeregin berrietan.
Monika Madinabeitia (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1971) Ingeles Filologian lizentziaduna (1994) eta Ipar Amerikako Mendebaldeko literaturan doktorea (2006) da, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). 2005etik Mondragon Unibertsitatean aritu da Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean irakasle eta ikerlari. Identitateak, kultura, migrazioa eta euskal diasporak ditu ikergai.
2018an 'Petra, My Basque Grandmother' liburu ilustratua argitaratu zuen, Nevada-Reno Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroaren eskutik (AEB), eta Etxepare Euskal Institutuko hainbat egitasmo eta ekimenetan parte hartu du azken urteetan; besteak beste, 2021ean Boiseko Estatu Unibertsitateak eta Etxepare Euskal Institutuak elkarlanean sortutako euskara eta euskal kulturarekin harremana duten gaien irakaskuntza eta ikerkuntza bultzatzeko Eloise Garmendia Katedran irakasle gonbidatua izan zen.