Moriartitarren 'Maspalomas' Primeran plataforman izango da ikusgai ostegunetik

Archivo - 'Maspalomas' filma
SSIFF - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 21 enero 2026 12:25

BILBO 21 (EUROPA PRESS)

Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi zinemagileek zuzendutako 'Maspalomas' filma Primeran 'streaming' plataforman ikusi ahalko da ostegunetik, urtarrilaren 22tik, EITBk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Jose Ramon Soroiz aktore legorretarrak gorpuztu duen 76 urteko Vicente du protagonista filmak. Bikotekidearekin hautsi ondoren, gustuko duen bizimodua egiten hasiko da Kanaria Handiko Maspalomasen.

Eguzkia, parranda eta gozamena dira bere eguneroko jardunak, baina istripu batek Donostiara itzultzera behartuko du eta han aspaldi abandonatu zuen alabarekin elkartu beharko da. Vicentek adinekoen egoitza batean bizi beharko du, eta bertan "armairura itzultzera bultzatua sentituko da, konpondutzat zuen bere buruaren alde bat ezkutatuz".

Oihartzun eta aitortza garrantzitsuak lortu ditu Moriartitarren azken filmak, besteak beste, Soroizek berak Donostia Zinemaldian jaso zuen aktore onenaren Zilarrezko Maskorra.

Era berean, EITBren parte hartzea duen lanak bederatzi izendapen jaso ditu otsailaren 28an banatuko diren Goya sarietarako: film onena (Ander Barinaga-Rementeria Arano, Ander Sagardoy Mugica, Fernando Larrondo eta Xabier Berzosa), zuzendaritza (Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi), gizonezko aktore nagusia (Jose Ramon Soroiz), bigarren mailako gizonezko aktorea (Kandido Uranga), gidoia (Jose Mari Goenaga), arte zuzendaritza (Mikel Serrano), argazki zuzendaritza (Javier Agirre Erauso), musika originala (Aranzazu Calleja) eta makilaje-ileapaindegia (Karmele Soler eta Sergio Perez Berbel).

Nazioartean lortutako ospearen ildotik, Palm Springs, Les Arcs edo BFI London Film Festival moduko jaialdi ezagunetan parte hartu du filmak, eta Europako Zinema Akademiaren sarietarako fikziozko aurrehautagaien zerrendan aukeratutako Espainiako Estatuko sei filmen artean kokatu zen.

Orobat, EGEDAk antolatutako Jose Maria Forque Sari Zinematografikoen 31. edizioan lau izendapen lortu zituen: film onena, aktore onena, zinema eta balioetan hezteko saria eta interpretazio onena. Azken sari hori Jose Ramon Soroizek irabazi zuen.

Azkenik, Espainiako Informatzaile Zinematografikoen Elkarteak 13. Feroz Sariak banatuko ditu larunbatean, urtarrilaren 24a, Pontevedran (Galizia), eta 'Maspalomas' zazpi sari irabazteko hautagai izango da: film dramatiko onena, zuzendaritza onena, gizonezko aktore protagonista onena, antzeztaldeko gizonezko aktore onena, gidoi onenaren Feroz Dama Saria, jatorrizko musika onena eta trailer onena.

Contador

Contenido patrocinado