BILBO 18 Sep. (EUROPA PRESS) -
'Mumbo Jumbo izugarri handitzen da' animaziozko film danimarkarra euskarara bikoiztuta estreinatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zenbait zinema aretotan ostiral honetan, irailaren 18an, Zineuskadi elkarteak sustatutako 'ADI! Filmak Euskaraz' programaren eskutik.
Bere arduradunek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, orain arte 'Zinema Euskaraz' izenarekin ezagutzen zen programak 'ADI! Filmak Euskaraz' marka aurkeztu du aurten, euskarazko zinema bultzatzeko etapa berri baten abiapuntu gisa, eta aurten euskaratuta ikusiko den hamaseigarren lana izango da ostiral honetakoa.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak babesa duen 'ADI! Filmak Euskaraz' programaren helburua euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzea da, haur zein gazteei zuzendutako filmak bikoiztuz eta zinemagintzan euskararen hedapena bultzatuz.
'Mumbo Jumbo izugarri handitzen da' filmaren ondoren, 'Dino familia', 'Balea kantariaren kondaira' eta 'Superthings' lanak estreinatuko dira datozen hilabeteetan 'ADI! Filmak Euskaraz' programaren baitan, besteak beste.