BILBO 14 May. (EUROPA PRESS) -
Eusko Jaurlaritzak SPRI Taldearen eta BasqueTrade & Investment bulegoaren bitartez sustatutako nazioartekotzeko BEINT beken azterketa eguna antolatu zen joan den larunbateanm, maiatzaren 10ean, eta guztira 134 pertsonak parte hartu zuten, 73 emakumek eta 61 gizonek, hain zuzen ere.
SPRI Taldeko iturriek jakinarazi dutenez, unibertsitateko titulazioa duten Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 30 urtetik beherako pertsonei zuzenduta, bi urteko iraupena duen programak "esperientzia paregabea" eskaintzen du nazioarteko merkataritzaren arloan, merkatu globaletan jarduteko trebetasun estrategikoak lortzeko aukera emanez.
Horrela, 134 pertsonak parte hartu zuten hautaketa prozesuaren fase honetan, eta ezagutza sozioekonomiari buruzko azterketa orokorraz gain, hainbat hizkuntza proba egin behar izan zituzten: ingelesekoa (derrigorrezkoa eta kanporatzailea), euskarakoa eta, nahi izanez gero, atzerriko beste hizkuntza baten ingurukoa (alemana, arabiera, mandarin txinera, koreera, frantsesa, italiera, japoniera, portugesa edo errusiera). Emaitzak bide ofizialetan eman ziren ezagutzera.
Prozesuak aurrera jarraituko du orain proba horien eta aurretiazko merezimendu lehiaketaren baterako balorazioarekin. Hautagai bakoitzaren graduko zein graduondoko titulazioak eta esperientzia profesionala ebaluatu dira merezimendu lehiaketan.
Fase hori gainditzen dutenei elkarrizketa pertsonalak egiteko deia egingo zaie, maiatzean eta ekainean, nazioarteko prestakuntza aukera nork eskuratuko duten erabakitzeko azken urratsean.