Neikerrek aurrerapausoak eman ditu gari ekologikoaren laborantzan

Archivo - Eskalmendira egindako bisita
NEIKER - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 3 julio 2025 13:09

GASTEIZ, 3 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko Neiker zentro teknologikoak aurrerapausoak eman ditu gari ekologikoaren laborantzan, ekoizpen iraunkorragoa eta errentagarriagoa lortzeko asmoz. Zentroak entseguak egin ditu ekologikoan okin-gaitasuna duten gari barietateekin, kanpoko intsumoak minimizatuz eta txandaketa egokiak eginez.

Azterketaren emaitzak asteazken honetan aurkeztu dira labore ekologikoen entsegu esperimentalak ezagutzeko Arkautiko (Araba) egoitzara eta Eskalmendira egindako bisitan. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bultzatutako Nekazaritza Ekologikoaren Sustapenerako Planaren parte dira lanak.

Neikerrek nabarmendu du nekazaritza ekologikoak hazten jarraitzen duela Euskadin, hala ekoizpen eredu jasangarriagoen gizarte eskariagatik, nola lehen sektoreari eskaintzen dizkion aukerengatik.

Ekolurra Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren azken datuen arabera, 2024an %18 hazi zen nekazaritza ekologikora bideratutako ziurtatutako azalera, 12.677 hektareara helduz, lurraldeko nekazaritzako lurzoruaren %6,7, alegia.

Testuinguru horretan, joera hori egonkortzeko funtsezkoa da baldintza ekologikoetara egokitzen diren barietateen gaineko ikerketa. Horrela jasotzen du 'Baserritik mahaira' Europako estrategiak ere, 2030erako helburu gisa ezartzen duena Europar Batasuneko nekazaritzako azaleraren %25 era ekologikoan landatzea.

Bada, helburu hori lortzeko ahaleginari ekarpena egin asmoz, Neiker zentro teknologikoak era ekologikoan landatutako lursailak bisitatzeko urtero antolatzen duen jardunaldia egin du asteazken honetan Arkautiko egoitzan. Bertan, egindako ekoizpen ekologikoko azken entseguen emaitzak nekazaritza sektoreko profesionalekin partekatzeko aukera izan dute zentroko ordezkariek.

Bisitan zehar, gainera, parte hartzaileek Euskalmendiren lursail esperimentalak bisitatzeko aukera izan dute. Arabako Foru Aldundiaren lurretara egindako bisitan, aurreko urteetako kanpainetako aurrerapausoak bertatik bertara ezagutu dituzte bildutakoek, bai eta martxan dauden proposamenen berriak ere.

ENTSEGUAK

Maneiu ekologikoko zenbait gari barietaterekin egindako entseguen datuak ere aurkeztu dira jardunaldian zehar. Egindako entseguei esker egiaztatu ahal izan denez, zenbait barietatek ogia egiteko kalitate maila egokiak lortu dituzte ongarririk eta konpostik aplikatu beharrik gabe. Entseguen ekarpen berritzailea da ogia egiteko kalitate maila egokia laboreak txandakatuz lortu dela.

"Egiaztatu dugu posible dela ogia egiteko kalitate altuko gariak maneiu ekologikoarekin lortzea, ongarri gehigarririk erabili gabe, soil-soilik laboreak txandakatuz. Adibidez, gari landaketak labore leguminosoen landaketekin txandakatzeak lurzoruaren emankortasuna eta bizitza mantentzen laguntzen du", azaldu du Roberto Ruiz de Arcaute Neikerreko Landare Ekoizpeneko eta Babeseko saileko teknikariak.

Barietateen hautaketa egiten laguntzeaz gain, saiakuntzek frogatu dute ongi diseinatutako labore txandakatze sistemei esker posible dela produktibitatea mantentzea konpostik eta hostoetako ongarririk erabili gabe.

Aipatu intsumoak aplikatu ziren partzeletan ez zen errendimendu hobekuntza esanguratsurik behatu, eta horrek intsumoak ez erabiltzearen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa indartzen du.

Kanpoko intsumoen erabilera murrizteak ustiategien kostuak jaisten ditu, eredu ekologikoaren marjina ekonomikoak hobetuz. Aldiz, egitura komertzial egoki baten falta da oraindik ere laborantza estentsibo ekologikoa garatzeko oztopo handienetakoa, adibidez zerealen kasuan.

"Entseguek emaitza esperantzagarriak utzi dituzten arren kalitateari eta kostuen murrizketari dagokienez, produktuak merkaturatzeko kate sendo bat ez izateak mugatu egiten du produktuon ezarpena lurraldean zehar", nabarmendu du teknikariak.

Contenido patrocinado