BILBO, 15 (EUROPA PRESS)
PuntuEUS Fundazioak eta Guebs euskal enpresa euskaldunak ni.eus sortu dute lankidetzan, pribatutasuna errespetatzen duen euskarazko posta elektroniko zerbitzua. .eus domeinua merkaturatu zenetik, webgunerik ez duten erabiltzaileek sarri eskatu dute .eus domeinudun posta elektronikoa erabiltzeko nahia, eta eskari horri erantzuteko garatu dute zerbitzu berria, ekimenaren arduradunek ostiral honetan jakinarazi dutenez.
Pertsonen arteko harreman digitaletan .eus domeinua erabiltzea ahalbidetzen du ni.eus posta elektronikoak: doako bertsioan ni.eus domeinuan (adibidez: ximun@ni.eus) edo, premiun planen kasuan, norberaren gustuko .eus domeinua pertsonalizatuta (adibidez: info@ane.eus edo kaixo@mendielkartea.eus).
"Ni.eus euskaratik eta euskaraz sortutako posta zerbitzua da: bezero arreta, web interfazea, laguntza dokumentuak eta bezero gunea eskaintzen ditu, guztiak euskaraz", nabarmendu dute.
Zerbitzu berria Interneteko erabiltzaile euskaldunei zuzenduta dago, norbanako, elkarte zein enpresei, eta urtea amaitu aurretik milaka posta elektroniko kontu sortzea espero dute.
Beste zerbitzu batzuekin alderatuta, pribatutasuna da ni.eus posta zerbitzuaren bereizgarrietako bat. Ni.eus posta zerbitzuak erabiltzaileen datuen pribatutasun eta segurtasuna bermatzen du: iragarkirik ez, 'tracking'-ik ez eta komunikazio zifratuak. Ez du inolako iragarkirik erakusten, ezta erabiltzaileen erabileraren inolako jarraipenik egiten ere.
Horrez gain, nonahi erabili daiteke. Sakelako telefonoan edo ordenagailuan ohiko dugun posta programan konfigura daiteke, baina sareko webmail bidez erabiltzeko aukera ere ematen du. Gainera, zerbitzu osagarriak ere eskaintzen ditu: egutegia, helbide liburua, berbideraketak eta beste.
EUSKARAZKO INTERNET EGUNA
Bada, PuntuEUS Fundazioak gogoratu du Interneten Nazioarteko Eguna ospatuko dela igandean, maiatzaren 17an. Egun horretan, PuntuEUS Fundazioak Euskarazko Interneten Eguna ospatu ohi du, komunitatearekin elkartuta, eta arten ere komunitateari zuzendutako zerbitzu berria sareratuz ospatuko du.
PuntuEUS Fundazioak ingurune digitalean euskara lehen mailako hizkuntza izan dadin egiten du lan. .eus domeinuaren bidez, euskara, ingurune digitalean, baliagarri, erabilgarri eta ikusgarri egitea da xedea.
Guebs enpresa, aldiz, duela 15 urte baino lehenagotik domeinuen erregistro eta 'hosting' zerbitzuak eskaintzen dituen hornitzaile euskalduna da. Euskara eta .eus domeinuen erabilera bultzatzeaz gain, kalitatezko zerbitzuak eta bezero arreta hurbila eskaintzea ditu helburu.