Odola emateko deia egin diete EAEko herritarrei, udan erreserbak bermatzeko

Odola ematen
OSAKIDETZA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 13 junio 2025 10:01

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Osasn Sailak eta Osakidetzak herritarrei dei egiten diete odola eman dezaten, udan erreserbak bermatzeko. Egunero 300 dohaintza inguru behar direla gogoratu dute, eta, horrela, larunbatean ospatuko den Odol Emailearen Nazioarteko Eguna dela eta, dohaintza guneetara bertaratzera animatu dute.

Osasun Sailak eta Osakidetzak jakinarazi dutenez, Gabonetan bezala, uztaila eta abuztua une zailak izaten dira Euskal Autonomia Erklidegoko (EAE) ospitaleetan odol osagaien horniketarako.

Ildo horretan, Osakidetzako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak gogorarazi du odola ematea dela oraindik ere transfusiorako edo plasmatik eratorritako sendagaiak egiteko osagai ugari lortzeko modu bakarra, ezinbestekoak direnak jardueran sanitarioan.

Bada, horniduren jaitsierari aurre egiteko, Osasun Sailak eta Osakidetzak uste dute ekaina dela une egokia dohaintza egiteko eta udaaldiari aurre egiteko behar besteko erreserbak lortzeko, eta horregatik eskatu dute herritarren laguntza.

Odol emateak egunero lagun diezaieke bizi tratamendua behar duten ehunka pertsonari, odola hainbat osagaitan banatzen baita premia medikoei erantzuteko, hala nola tratamendu onkologikoak, ebakuntzak, larrialdiak edota paziente akutu eta kronikoentzako sendagaiak.

Odola emateko baldintzak dira 18 eta 65 urte bitarte izatea, osasun egoera onean egotea eta 50 kilo baino gehiago pisatzea. Odola emateko gune finkoak eta hiru lurraldeetan banatutako unitate mugikorrak eta haien ordutegiak etengabe eguneratzen dira https://donantesdesangre.eus/eu web orrian eta Euskadiko Odol Emaileak elkarteko sare sozialetan (@donantesangreuskadi).

IAZ 79.000 DOHAINTZA

EAEko 46.844 emailek 79.032 dohaintza egin zituzten 2024an, eta gehienek erregulartasunez ematen dute odola (urtean birritan edo gehiagotan). Edonola ere, nabarmentzekoa da 6.567 emaile berri egon zirela.

70.225 globulu gorri kontzentratu, 11.211 plaketa dosi eta 23.664 plasma litro lortu ziren, eta horietatik 22.096 immunoglobulinak, faktore antihemofiliko albuminak eta abar prestatzeko erabili ziren.

Guztira, 30.000tik gora pertsonek jaso zuten Osakidetzako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroaren bidez EAEko 23 erietxe publiko eta pribatuetara bidalitako produktu horien guztien onura, bizitzak salbatuz eta osasuna hobetuz.

Azkenik, Osasun Sailak eta Osakidetzak eskerrak eman dizkiete inoiz odola ematen duten edo eman duten pertsona guztiei, "haiek gabe ezin izango zirelako salbatu urtero salbatzen diren milaka bizitzak".

Contenido patrocinado