DONOSTIA 16 Sep. (EUROPA PRESS) -
Olatz Mitxelena Larreta idazle oiartzuarra da aurtengo Igartza Sariaren irabazlea, 'Arrakalak' izeneko ipuin bildumaren proiektuagatik. Sariak 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza, arduradunek jakinarazi dutenez.
Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak 24. aldiz antolatu dute idazle gazteak laguntzeko Igartza beka. Deialdi honetan 12 proiektu aurkeztu dira, eta Oihane Amantegi, Irati Jimenez eta Garazi Kamio epaimahaikideek Mitxelenarena jo dute irabazletzat.
Olatz Mitxelena (Oiartzun, 1989) Filosofian lizentziatua da, zenbait graduondo ikasitakoa eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea. Zenbait sariketa irabazi izan du, prentsako zutabeak ere idazten ditu, baina hauxe izango du lehenengo liburua.
'Arrakalak' proiektuan, gai eta estilo ugariren bidez, gizon-emakumeen baitan nahiz pertsonen arteko harremanetan sortzen diren pitzadurei buruz hitz egin nahi du egileak, hutsune eta gabezia horietan gauzatzen direlakoan gure beldurrak, minak edo ezinak. "Umorea, gorputza, absurdoa, gogoeta dira ipuinetan zehar aurkituko ditugun beste zenbait ezaugarri, eta guztien atzean gure arrakala horiek goxatzeko borondatea", adierazi dute sariaren antolatzaileek.