Osakidetzak 'e' ikurra gehitu die komunikatzeko euskara lehenetsi duten pazienteen identifikazio-eskumuturrekoei

Osakidetzak 'e' ikurra gehitu die komunikatzeko euskara lehenetsi duten pazienteen identifikazio-eskumuturrekoei
OSAKIDETZA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 24 abril 2025 13:31

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Osakidetzan komunikatzeko hizkuntza gisa euskara lehenetsi duten pazienteek beste tresna bat izango dute eskuragarri osasun profesionalekin euskaraz errazago hitz egiteko, 'e' ikurra gehitu baitzaie identifikazio-eskumuturrekoetan, behealdean 'euskaraz' legendarekin. Osasun esparruan euskara lehentasunezko hizkuntza bezala ezarri duten 370.000 lagunek jaso ditzakete neurriaren onurak, Osakidetzatik jakinarazi dutenez.

Eskumuturrekoetan pazientearen datu pertsonalak jasotzen dira (izen-abizenak, jaioteguna, historia klinikoaren kodea eta abar), eta orain 'e' letra ere agertzen da euskara komunikatzeko hizkuntza lehenetsi gisa aukeratzen denean.

Identifikazio-eskumuturrekoa ageriko elementua da, erietxeratutako pazienteen ibilbide osoan zehar ikus daitekeena; nahitaez jartzen da ospitaleko larrialdietara sartu bezain laster, eta ez da kentzen alta eman arte. Faktore hori erabakigarria izan da 'e' sinboloa ere sartzeko erabakia hartzeko orduan.

Eskumuturrekoetan 'e' sinboloa gehitzea proiektu zabalago baten parte da. Proiektu horren helburua dira, alde batetik, prozesu asistentzialaren kalitatea hobetzea pazienteen hizkuntza lehenetsia aitortuz, eta, bestetik, euskara lehenesten dutenak identifikatzea, euren hizkuntzan artatuak izateko aukera izan dezaten beti.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarentzat eta Osakidetzarentzat, "egoera ahulean dauden pazienteek aukeratutako hizkuntza erabiltzeak segurtasun eta konfiantza espazio bat sortzen laguntzen du, eskaintzen den asistentzia kalitatea hobetzeko".

Osakidetzak hamarkada bat darama herritarrek osasun esparru publikoarekin jarduteko nahiago duen hizkuntza lehenetsia zein den erregistratzen. Pazientearen hizkuntza lehenetsia osasun zentroetako administrazio eta onarpen eremuetan erregistratu ohi da, eta profesionalek erabili ohi dituzten informazio asistentzialeko sistema nagusietan agertzen da. Ondorioz, profesionalek erraz identifika ditzakete euskara nahiago duten pazienteak. Gainera, hizkuntza lehenetsia Osakidetzako Osasun Karpetaren bidez ere erregitra daiteke.

370.000 LAGUN

Orain arte, 370.000 lagunek aukeratu dute euskara lehentasunezko hizkuntza gisa esparru sanitarioan. Osakidetzaren sareko erietxeren batean ingresatuz gero, paziente horiek 'e' ikurra izango dute identifikazio-eskumuturreko pertsonalean.

Pazienteen identifikazio-eskumuturrekoetan ikurra txertatzeko ekimena 'Parte Hartu' ekimenaren barruan hobetzeko ideien proposamen baten ondoren etorri da, Osakidetzako profesionalen parte hartzea eta lankidetza sustatzeko programa korporatiboaren barruan.

Aurkeztutako ekimen onenen artean hautatua izan ostean, pixkanaka hedatu da, euskara komunikatzeko hizkuntza gisa lehenetsi duten pazienteak identifikatzeko sistema garatzeko eta zabaltzeko xedearekin.

Contenido patrocinado