BILBO 27 Mar. (EUROPA PRESS) -
Oskarbi euskal folk taldeak "Xirimiri" izenburuko bere disko berria aurkeztuko du ostiral honetan, martxoaren 28an, Bilboko Bidebarrieta liburutegian 20:00etatik aurrera eskainiko duen emanaldian. Zuzeneko honetan, taldeak bere doinurik ezagunenak interpretatuko ditu, lan berrikoekin batera. Sarreraren prezioa hamar eurokoa izango da, antolatzaileek adierazi dutenez.
Oskarbi 1966an sortu eta Ez Dok Amairu mugimenduaren barruan egon zen. Geroko ibilbide luzean, hamar disko kaleratu ditu, eta konposizio propioei esker nahiz gaur egungo poemetatik edo euskal kantutegi tradizionaletik sortutako doinuei esker nabarmendu da nagusiki. "Xirimiri" azken diskoan, Xabier Lete eta Bitoriano Gandiagaren poemekin batera, taldekideek musikatutako Erdi Aroko eta Errenazimentuko olerkiak ere entzun daitezke.
Urteak joan eta urteak etorri, taldearen estiloa ere aldatuz joan da, bereziki musika akonpainamenduari dagokionez. Hasierako urteetako gitarrari eskusoinua gehitu zaio, bai eta flauta, biolina, teklatua eta perkusioa ere. Honela, taldeak, hamar pertsonek osatu arren, sei ahots eta sei instrumentu ditu. Sortu zenetik, bere emanaldi propioak eskaintzeaz gain, Joan Manuel Serrat bezalako artisten gonbidatu gisa ere aritu da.