DONOSTIA 27 Mar. (EUROPA PRESS) -
Usurbilgo Udalak (Gipuzkoa) eta Elhuyarrek 'Elhuyar solasaldiak' hitzaldi zikloa antolatu dute elkarlanean, pandemiak gizartearen hainbat arlotan izan duen eragina gizarteratzeko asmoz. Hitzaldiak apirilaren 14tik maiatzaren 12ra bitarte izango dira, asteazkenero, Usurbilgo Sutegin eta 'streaming' bidez, 18:30ean.
Arduradunek azaldu dutenez, zientzia herritarrengana hurbiltzeko Elhuyarrek abian jarritako 'Zientziakide' egitasmoaren barne dago hitzaldi-zikloa. 'Zientziakide' ekimenaren xedea da herritarren parte hartzea bultzatu eta gizartea zientziara gehiago gerturatzea, eta ikerketa eta berrikuntza arduratsua sustatzea (RRI ingelesez, Responsible Research and Innovation).
"Beraz, euskal zientzia sistemaren eta gizartearen arteko zubi lana egin nahi du, eta 'Elhuyar Solasaldiak' ekimenak horretan sakondu", adierazi dute.
Horretarako, bost solasaldi antolatu dira, apirilaren 14tik maiatzaren 12ra bitarteko bost asteazkenetan, 18:30ean Sutegi kultura etxean; 'streaming' bidez ere jarraitu ahal izango dira, usurbilkultura.eus eta zientzia.eus atarietan. Hitzaldiak doakoka izango dira, baina Sutegira bertaratzeko aurrez izena eman beharko da, indarrean dauden edukiera
mugak direla eta.
Covid-19a eta bere eraginak izango dira hitzaldietako mintzagai nagusiak, baina ez bakarrak. Hala, lehenengo hitzaldian, apirilaren 14an, Ana Galarraga Elhuyarreko kideak 'COVID-19aren korapiloak deslotzen' hitzaldia emango du, pandemiari eta txertoei hainbat ikuspegi eta ertzetik begiratuz.
Bigarren hitzaldian, apirilaren 21ean, Maite Santxok eta Miren Arangurenek zaintzaren gaiari helduko diote. Batetik, Matia fundazioa Usurbilgo Udalarekin lantzen ari den zaintza-ereduaren inguruko hausnarketa aletuko du Santxok, eta Arangurenek, berriz, Beterri-Buruntzaldean zaintzaren inguruan egin den azterketa aurkeztuko du.
PENTSAMENDU KRITIKOA
Hirugarren solasaldian, apirilaren 28an, Agustin Arrieta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Filosofia irakasleak pentsamendu kritikoa izango du hizpide. Egungo gizartearen eraldaketa prozesu azkar eta etengabean jasotzen dugun gehiegizko informazioa aztertzeko pentsamendu kritikoa garatzeko beharraz ariko da.
Laugarren saioan, maiatzaren 5ean, covid-19aren ostean ekonomiaren berreraikuntza ekologikoaren aldeko hautu egin beharraz ariko dira Mirene Begiristain ekonomialaria eta Arturo Elosegi Irurtia biologoa. Euskal Herriko 400 zientzialarik baino gehiagok argitaratutako agiriaren sinatzaileak dira Begiristain eta Elosegi.
Azken hitzaldian, maiatzaren 12an, Xabier Arregi EHUko irakasle eta IXA taldeko kideak eta Xabier Saralegi Elhuyarreko kideak adimen artifiziala hizkuntzan izango dute hizpide, eta zehazki, landuko dute nola eman ikuspegi soziala gaiari.