BILBO, 19 (EUROPA PRESS)
Patxi Zubizarretaren 'Gau otsoa' nobela proiektuak irabazi du Ondarroako Udalak (Bizkaia) eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai sariaren 22. aldia. Zortzi lan aurkeztu dira aurten, eta horien artean egile ordiziarraren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak.
Sariaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, Zubizarretak urriaren 27an jasoko du saria, 18:00etan, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jardunaldien baituan. Gainera, ekitaldi berean aurkeztuko da iazko proposamen irabazlearen emaitza: Mikel Alvarez Sarriegik idatzitako 'Euskalia' eleberria.
Bada, 'Gau otsoa' da Patxi Zubizarretaren eleberri proiektuaren izenburua. Insomnioa hartuko du bere lanaren ardatz, "gure gizartean guztiz zabaldutako gaitza eta, aldi berean, gizartearen erretratua egiteko balio duen sintoma".
Kontakizunean, Adela izango da protagonista, 45 urteko kazetaria, banandua eta ume baten ama. Insomnioari buruzko erreportaje bat egin behar du lan egiten duen aldizkariarentzat, eta horixe izango da eleberriaren abiapuntua, gero hainbat pertsonaia, sare eta abarretan korapilatuko dena.
"Laburbilduz: begirada zorrotz bezain originala geure buruari eta munduari, idazkera gozo bezain aberats batean emana, umorez eta kultur erreferentziaz josia", adierazi dute.
Patxi Zubizarreta 1964an jaio zen, Ordizian (Gipuzkoa), eta Gasteizen bizi da aspaldidanik. Euskal Filologia ikasitakoa da, baina idazteari guztiz emana. Obra ugaria du, bai helduentzat bai, batik bat, haur eta gazteentzat, eta ezin konta ahala dira irabazi dituen sariak, besteak beste, Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria lau aldiz. Itzulpenak ere egin izan ditu, eta beste artista zenbaitekin batera ondutako ikuskizun eta errezitaldiak.