Actualizado 17/12/2013 22:30 CET

Prozedura judizial osoa euskaraz bideratu ahal izatea bilatuko du "Auzia euskaraz" programak

Eusko Jaurlaritzak 1,3 milioi euro inguru bideratuko ditu 2014an Justizia Administrazioko langileen hizkuntza normalizaziora

   BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak, Euskadiko Auzitegi Nagusiko presidente Juan Luis Ibarrak eta Euskadiko fiskal nagusi Juan Calparsorok "Auzia euskaraz" programa aurkeztu diote arratsalde honetan komunitate juridikoari, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan. Prozedura judizialen izapide guztiak euskaraz egin ahal izatea bilatuko du programa berriak.

   Ildo honetan, Eusko Jaurlaritzak 1,3 milioi euro inguru bideratuko ditu 2014. urtean Justizia Administrazioko langileen hizkuntza normalizaziora.

   Programak, bada, justizian hizkuntza normalizazioa bultzatzea du helburu. Proiektuari esker, prozedura judizialak euskaraz erabat bideratzea lortu nahi da, abokatuak demanda judizial bat jartzen duenetik, dagokion ebazpena hartu arte.

   Horrela, lantaldeak sortuko dira prozedura judizialean diharduten operadore judizial guztiekin, hala nola epaile, fiskal, abokatu eta idazkari judizialekin. Hala, talde bakoitzean, programa martxan jartzeko beharrak antzemango dira, garatu edo egokitu beharreko tresnak aztertuko dira eta dokumentu ereduak edota legeak eguneratuko dira.

   Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburuordetzako Hizkuntza Normalizazioko taldeko kideek (EPAIBI) kudeatu eta koordinatuko dituzte bilerak, bai eta talde bakoitzean jorratu beharreko gaiak definitu eta horien zereginak dinamizatu ere.

   Erakunde Arteko Batzorde bat eratuko da: Auzia Euskaraz Batzordea. Ana Agirrek zuzendutako Justizia Sailburuordetzaren koordinaziopean arituko da, eta gai judizialetan euskara bultzatuko duten baterako ekintza koordinatu eta antolatuak ezarriko ditu.

"PAUSOZ PAUSO"

   Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Justiziako sailburuak adierazi du "Auzia euskaraz" proiektua ez dela egun batetik bestera Euskadi osoan gauzatuko, baizik eta pausoz pauso joango dela ezartzen, "errealitateak posible egin ahala, inguru euskaldunetan lehenbizi eta
euskarak indar ahulagoak dauzkan lurraldeetan gero".

   "Nolanahi ere, elkarlanaren eskutik bakarrik etorriko zaigu auziak osoan euskaraz izapidetzea. Operadore guztien ekarpenari esker, dakigunetik ez dakigunera jokatuz, ahal dugunetik amesten dugunera urratsak emanez. Erronka kolektiboa daukagu aurrean, erronka garrantzitsua euskararentzat. Ekin diezaiogun lankidetzari", adierazi du.

   Bestalde, Eusko Jaurlaritzak 1,3 milioi euro inguru bideratuko ditu datorren urtean Justizia Administrazioko langileen hizkuntza normalizaziora, herritarrek euskaraz egiteko duten eskubidea berma dadin.