Sormen Beka musika proiektu bati emango diote aurtengo Durangoko Azokan

Sormen Beka musika proiektu bati eskainiko diote aurtengo Durangoko Azokan
GEREDIAGA ELKARTEA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 19 mayo 2026 12:57

BILBO 19 (EUROPA PRESS)

Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak iragarri dute sortzaile berrientzako Sormen Beka musika proiektu bati eskainiko diotela abenduaren 4tik 8ra ospatuko den 61. Durangoko Azokan. Aurkezten den lana jatorrizkoa izango da, eta hitzak barne hartzen baditu euskara hutsekoa izango da. Irailaren 21era arteko epea egongo da proposamenak bidaltzeko.

Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan astearte honetan egindako aurkezpenean gogorarazi dutenez, Gerediagak eta Durangoko Udalak elkarren eskutik ipini zuten martxan egitasmoa 2018an, euskarazko ekoizpena eta sortzaile berrien lana indartzeko asmoz, eta dagoeneko bederatzigarren ediziora heldu da.

Gotzon Gomez Gerediaga elkarteko presidenteak nabarmendu du Sormen Bekarekin "ibilbide emankor eta polita" egin dutela urteotan eta "sortzaile berrien bidelagun" izaten jarraitu nahi dutela. "Aurten, musikaren diziplinari eskainiko diogu beka eta, ohi bezala, sortzaile berriek parte hartu ahalko dute deialdian, banaka zein taldeka. Izan ere, beka honen bidez, sorkuntzaren munduan hasten ari direnei eman nahi diegu bultzada", azaldu du.

Bestalde, Paule Sanchez Durangoko Udaleko Euskara eta Kultura zinegotziak ziurtatu du Durango "euskal kulturaren bihotza" da eta hori "are gehiago sustatzen" ari direla gabiltza.

"Urtero, bertako ekitaldi kulturalek eta noski, Durangoko Azokak, sortzaile berrien talentua eta ekoizpen berritzailea zabaltzen dituzte, eta Sormen Beka horren adibide garbia da. Aurten, musika proiektuaren bekak aukera paregabea ematen die gazteei eta esperientzia hartzeke duten sortzaileei euren ideiak Durangoko Azokaren ingurumarian aurkezteko, ikusgarritasuna eta bultzada jasotzeaz gain. Gure helburua ez da bakarrik euskarazko sorkuntza indartzea, baita munduari gure hizkuntza eta kultura biziaren indarra erakustea ere", azaldu du.

Antolatzaileek beka deialdiaren oinarriak azaldu dituzte agerraldeian. Sortzaile berriek parte hartu ahalko dute, banaka zein taldeka. Lana jatorrizkoa izango da, eta hitzak barne hartzen baditu euskara hutsekoa izan beharko da. Proposamenak aurkezteko irailaren 21era arteko epea egongo da, gerediaga@durangokoazoka.eus helbide elektronikora bidalita. Deialdiaren oinarriak durangokoazoka.eus webgunean daude eskura.

Epaimahaiak ebazpena landu ondoren, irabazlea aurtengo Durangoko Azokaren barruan emango dute ezagutzera, eta hautaturiko sortzaileak edo taldeak 15.000 euro jasoko ditu proiektua garatzeko. Gero, sormen lan horren emaitza 2027ko Durangoko Azokan aurkeztuko du jendaurrean.

Contador

Contenido patrocinado