Think Big 2016 enpresa ideien sariak banatu ditu Euskal Herriko Unibertsitateak

"Segurleku" Ideia Irabazlearen Egileak
EHU
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 27 mayo 2016 17:35

BILBO 27 May. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Think Big enpresa ideien lehiaketako sariak banatu ditu ostiral honetan Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Gradu Aretoan. Bizkaiko EHUko campuseko ikasleen artean ekintzaile sena piztea du helburu lehiaketak, eta ikasleak animatzen ditu komertzialki bideragarriak diren produktu eta zerbitzuak garatzera, beraien lan esperientzia eta ezagutzak aplikatuz, EHUk gogorarazi duenez.

Think Big 2016ko irabazlea "Segurleku" proiektua izan da eta 1.500 euroko saria jaso du. Pertsonalizatutako pasahitzak dituzten segurtasun takilen garapenean datza ideiak, eta Ekonomia eta Asier Jimenez, Jaime Arana, Aitor Bilbao, Iñigo Fernandez de Matauco eta Pablo Viana aipaturiko fakultateko ikasleek garatu dute.

Halaber, 1.000 euroko bigarren saria "Uhinak" izeneko enpresa ideiak eskuratu du, Angel Armando Garciarena eta Anita Inchausperena. Zientzia eta Teknologiako Fakultateko ikasle hauek hari gabeko energia sistemak garatu dituzte.

Hirugarren sariak "Horsegenetik" eta "Mind The Drone" proiektuek lortu dituzte. Lehenengoaren egilea Leire Ahedo da, eta txapelketen aurreko analisi genetikoen bidez lasterketetarako zaldiak identifikatzean datza; "Mind The Drone" proiektuan, aldiz, adimen artifizialarekin batera erabiltzeko dron txikiak diseinatu dituzte Ramon Garate, Marta Beitia, In-Kyu Kim eta Maria Barrena ikasleek. Bi ideia hauek 500 euroko sari bana jaso dute.

Think Big 2016ko lehiaketara 28 proiektu aurkeztu dira, 66 parte hartzailek egindakoak (31 emakume eta 35 gizon). Lehiaketa Zitek ekimenak antolatu du, eta epaimahaia EHU, Beaz (Bizkaiko ekonomia eta berrikuntza sustatzeko sozietate publikoa) eta Bizkaiko Aldundiko ordezkariek osatu dute. Proiektuak baloratzeko orduan erabili diren irizpideak ideiaren berrikuntza eta orijinaltasuna eta horren garapena, bideragarritasun tekniko eta ekonomiko finantzarioa eta ekintzaile taldearen konpromisoa izan dira.

Sariak banatzeaz arduratu dira Carmelo Garitaonandia EHUko Bizkaiko campuseko errektoreordea, Ainara Basurko Beazeko zuzendari orokorra eta Eva Armesto Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saileko zerbitzuburua.

Contenido patrocinado