BILBO 28 Ene. (EUROPA PRESS) -
Jon Arretxe idazlearen eleberrietan oinarritutako 'Touré Detektibea' telesaila otsailaren 1ean estreinatuko da Primeran plataforman, eta aurrestreinaldia Bilboko Sala BBK aretoan izango da, urtarrilaren 31n, lehen atala pantaila handian mango baitute, 19:00etatik aurrera.
EITBko iturriek jakinarazi dutenez, aurrestreinaldiko emanaldia euskaraz izango da, gaztelaniazko azpidatziekin, eta bertan izango da Malcolm Treviño-Sitté protagonista, Unax Ugalde, Loreto Mauleon eta Jon Olivares telesaileko aktoreekin batera. Esteban Crespo zuzendaria eta Jon Arretxe idazlea ere bertan egongo dira, eta Ainhoa Etxebarriak aurkeztuko du ekitaldia.
Bilbon bizi den etorkin ginearra da Touré, eta bat-bateko detektibe gisa ateratzen du bizimodua aurrera. Bere trebetasunari, intuizioari eta umore sen bereziari esker, Ertzaintzaren konfiantza lortuko du, eta harreman horrek ikerketa konplexutan buru-belarri sartzera eramango du, kasu askotan egoera arriskutsuekin hala nola higiezinen ustelkeria kasuak, San Frantzisko auzoko azpijokoak edota Nigeriako mafia.
Erronka eta misterio ezberdinei egin beharko die aurre Tourék, eta "adimena eta nortasun magnetikoa" erabiliko ditu aurkezten zaion kasu bakoitza ahalik eta modu ustekabekoenean argitzeko.
Malcolm Treviño Sitté telesailaren protagonistak antzezle lantalde zabala du alboan, besteak beste, Unax Ugalde, Itziar Ituño, Loreto Mauleon, Itsaso Arana, Urko Olazabal, Gorsy Edu, Emilio Buale, Goize Blanco, Lander Otaola, Ayoub El Hilali, Jon Olivares eta Ane Gabarain.
David Perez Sañudo 2021ean egokitutako gidoi onenaren Goya sariaren irabazleak eta Carlos Vila Sexta detektibe telesailetan eskarmentu handia duen gidoilariak sortu dute telesaila, Flora Gonzalez Villanueva gidoilariaren parte hartzearekin. Tornasol Media, DeAPlaneta, Detective Touré AIE, RTVE eta EITBk ekoitzi dute, eta Europa Creativa Media programaren babesa jaso du.
'Touré Detektibea' Jon Arretxeren obraren lehen egokitzapena da telebistarako. Filmaketa Bilbo eta inguruko zenbait espazio esanguratsutan egin da, tartean Arriaga antzokian edo San Frantzisko auzoan.