#Txiotesia3 lehiaketaren sariak banatuko dira ostegunean Donostian

Actualizado 2016/11/30 11:46:34 CET

DONOSTIA, 30 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) Unibertsitatea.net atariak antolatutako #Txiotesia3 lehiaketaren sariak banatzeko ekitaldia ospatuko da ostegunean, abenduaren 1ean, Donostiako Garoa liburudendan, arratsaldeko 18:30ean.

UEUk jakinarazi duenez, #Txiotesia3 lehiaketa joan den astean egin zen. Bertan, parte hartzaileek tesia sei txiotan laburtu behar izan zuten, euskaraz. Aurtengo edizioan 52 ikertzaile izan dira lehiaketan parte hartu dutenak.

Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia ostegunean izango da, eta bertan jakingo da zeintzuk diren irabazleak: alde batetik, txiorik ulergarrienak egin dituena (500 euro) eta, bestetik, txiorik originalenak egin dituena (300 euro).

Ondoren, sari banaketa baino gehiago izango da, ikertzaile euskaldunen topagunea izatea eta Unibertsitatea.net atariaren hamargarren urteurrena ospatzea baita helburua. Horren harira mahai ingurua antolatu da "Txiotesia: akademia eta solasa eta jolasaren garrantzia" izenburupean, eta, Xabier Landabidea UEUko Komunikazio saileko buru eta Deustuko unibertsitateko ikertzaile eta irakaslearen gidaritzapean, aurreko edizioetan irabazle izan diren Estitxu Garai, Itxaro Perez eta Itziar Gonzalez-Diosek parte hartuko dute.