Udaberriko Bertso Saioak itzuliko dira Bilboko Santutxu auzora larunbat honetatik

Udaberriko Bertso Saioak Bilbon
BILBOKO UDALA
Publicado: viernes, 26 mayo 2023 16:43

BILBO, 26 May. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak eta Santutxuko Bertso Eskolak Udaberriko Bertso Saioak antolatu dituzte aurten ere. Ohi bezala, saioak Santutxuko Karmelo plazan izango dira, lehena larunbat honetan, maiatzaren 27an, eta hurrengoak ekainaren 3, 8 eta 17an.

Santutxuko Bertso Eskolaren lana babesteaz eta balioesteaz gain, Bilbon euskal kultura eta euskara sustatzea eta euskaltzaleen topaleku bihurtzea du ekimenaren helburua, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Guztira, 14 bertsolarik parte hartuko dute edizio honetan, zazpi emakume eta zazpi gizon, ia Euskal Herriko lurralde guztietakoak, eta horien artean azken Txapelketa Nagusiko zortzi finalistak eta herrialdeetako txapelketa ia guztietako azken txapeldunak. Aurten, gainera, ohiko bertso poteoa berreskuratuko da Karmelo plazaren inguruan.

Bada, larunbat honetan, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal, Saioa Alkaiza eta Joanes Illarregi arituko dira, eta ekainaren 3an, Alaia Martin, Sustrai Colina, Oihana Bartra eta Beñat Gaztelumendi.

Bertso poteoa ekainaren 8an egingo da, Arkaitz Estiballes eta Ibon Ajuriarekin, eta ekainaren 17an, azkenik, Maialen Lujanbiok, Aitor Mendiluzek, Uxue Alberdik eta Onintza Enbeitak kantatuko dute. Saio guztiak 13:00etan hasiko dira, bertso poteoa izan ezik, 19:30etik 21:30era egingo baita.

Leer más acerca de: