Udal kirol instalazioak ixten diren egunei dagokien Kirol Txartelaren kuota itzuliko du Donostia Kirolak

Europa Press País Vasco
Publicado: lunes, 6 abril 2020 12:27

DONOSTIA 6 Abr. (EUROPA PRESS) -

Covid-19 gaitzak eragindako osasun larrialdiak ekarri du martxoaren 13tik Donostiako Udaleko kirol instalazioak ixtea eta, beraz, Kirol Txarteleko harpidedunek instalazio horiek erabiltzea eragoztea. Horregatik, Donostia Kirola udal erakundeak erabaki du urteko kuotaren zati proportzionala itzultzea harpidedun guztiei.

Martin Ibabe Donostiako Udaleko Kiroletako zinegotziak adierazi duenez, "udalaren kirol instalazioak berriro ireki ondoren jakinaraziko zaizkie abonatuei diru kopurua eta itzultzeko prozedura".

Lauhileko ordainketa duten harpidedunei dagokienez, Donostia Kirolak ez du maiatzaren hasieran aurreikusitako bigarren lauhilekoaren ordainagiria igorriko. Ordainagiri hori emango da kirol instalazioak berriro irekita daudenean, eta ordura arte erregistratutako itxiera egunen adinako deskontua izango du.

Maiatzaren 31n amaitzen ziren denboraldiko kirol ikastaroei dagokienez, Ibabek azaldu du Donostia Kirola ekainean galdutako eskolak berreskuratzen saiatuko dela, eta, ezinezko balitz, emandako saioen arabera ordaindutako prezioaren zati proportzionala itzuliko litzatekela.

Bestalde, Donostia Kirolak gogorarazi nahi du, instalazioak itxi eta jarduerak bertan behera utzi arren, garrantzitsua dela egoera horretan ere aktibo egotea, eta ikastaroan izena eman duten eta harpidetuta dauden guztien eskura jarri du aplikazio bat, 350 kirol saio birtualetara doan sartzeko, konfinamenduak irauten duen bitartean. Gainera, Donostia Kirolak antolatzen dituen ikastaroetako monitoreak bideoak grabatzen hasi dira, Donostia Kirolaren Youtube kanalean eskuragarri dauden ariketa eta jarduerekin.

Azkenik, Donostiako Udalak eta Donostia Kirolak erabaki dute udal kirol instalazioetan diharduten langile guztien lan baldintzak mantentzea, "ahalegin ekonomiko handia izan arren, lehentasun bat delako egoera berezi honetan".

Contenido patrocinado