UEUk 18 ikastaro eskainiko ditu Eibarren, Gasteizen, Iruñean eta on line

Actualizado 2015/09/23 12:20:27 CET

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

   Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) bere udazkeneko eskaintza aurkeztu du, on line eskaintzari garrantzi berezia emanez, eta urria eta abendua bitartean 18 ikastaro eskainiko ditu Eibarren, Gasteiz, Iruñea eta on line. Azken bi ikasturteetan inoizko partaidetza handiena lortu dute.

   Horrela, etengabeko prestakuntzaren euskarazko eskaintza "egonkortu" egin du UEUk. Mari Karmen Menika UEUko Ikastetxe Nagusiko arduradunak azaldu duenez, "euskarazko erreferentzia akademikoa izan nahi du UEUk, eta horretarako, aurten, Eibarko, Iruñeko eta on line eskaintzaz gain, Gasteizen ere eskainiko ditugu ikastaroak Oihaneder Euskararen Etxearekin elkarlanean".

   UEUk on line bidezko ikastaroen aldeko apustua egiten ari da azken ikasturtean eta mota horretako ikastaroek izandako emaitza onak kontuan izanik, 2015-2016 ikasturtean, lerro horretan sakontzea erabaki du eta hori islatzen da udazkeneko eskaintzan, ikaslego potentzial zabalago batengana iristeko aukera ematen duelako, denbora/lekua aldagaiak norberak erabakitzen dituelako (etxetik egin daiteke norberak nahi duen orduan), malgutasuna ematen duelako eguneroko bizitzarekin uztartzeko, eta Euskal Herritik kanpo bizi direnak ere euskaraz formatu daitezkeelako.

   Horrela, UEUren on line pedagogia eredua "pertsonengan oinarritzen da". e-learning delako ereduan, ikasleak dira ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren ardatza eta baliabide teknologikoak pertsonen zerbitzurako garatzen dira. Baliabide teknologikoen atzean adituak daude, ikasleek irakasleekin harreman zuzena dute, eta irakasleek ikasleen ikaskuntza prozesua gidatzen eta dinamizatzen dute, ikasleari ezagutza eraikitzeko bitartekoak eskainiz.

   Zehazki, on line eskaintza ondoko ikastaro hauek osatuko dute: "Euskal Herriko ekonomia eta gizartea aztertzeko lanabesak. GIS librea"; "Euskal Mitologia: kultura ondarea"; "Euskararen lehentasuna eta hizkuntza prebentzioaren ikuspegia Euskal Herriko marko juridikoetan (MOOC)"; "HTML5 estandarra sakontzen (MOOC)"; "Moodle-ren erabilera aurreratua"; "R software askearen erabilera Natur Zientzietako estatistikan"; eta "Sormenerako hezkuntza, artea esperimentatuz".

   Ikasgelako eskaintzari dagokionez, Gasteizen, "Biolentzia, bakea eta elkarbizitza: hausnarketarako aukera" eta "Euskararen historian barna: uste dugunetik dakigunera (Mintegia)" ikastaroak eskainiko dira, eta Iruñean, "Code.org. Programatzen ikasteko tresna baten erabilpena eta lokalizazioa", "Eskola libre eta demokratikoak (II): askapenerako pedagogia baten oinarriak", "Haur-psikologia: gaurko haurrak etorkizuneko helduak" eta "Kontzentrazioa eskolan".

   Eibarko Ikastetxe Nagusiak emango dira ikastaroei dagokienez, ondoko hauek izango dira: "Gorputzaren bidez arreta garatzeko teknikak", "Itzultzaile izatetik posteditore izatera", "Nerabeekiko lana irakaskuntzan", "Raspberry Pi tailerra: irakaskuntzarako baliabide berria" eta "Sare sozialetan murgiltzen: nondik hasi?".

HELBURUAK

   UEUk zenbait helburu izan ditu kontuan ikastaroen eskaintza antolatzeko orduan, hala nola gaurkotasuna duten gaiak eskaintzea, gizartean dauden premiei erantzutea, aurreko edizioetako ikastaro arrakastatsuei jarraipena ematea edota e-learning moldeko ikastaroen eskaintza handitzea.

   Halaber, interes orokorreko gaiak lantzea, kalitatezko eskaintza egitea, homologatutako ikastaroak antolatzea irakasleentzat eta euskarazko formazioaren eskaintza zabaltzea eta ahalik eta herritar gehinetara iristea ere bilatu du.

   Hezkuntza testuinguru guztietako irakasle eta hezitzaileak, profesionalak eta interesa duen edonor da ikastaroen hartzailea. Eskaintza osatzeko orduan, UEUk kontuan izaten du bertara hurbiltzen den ikaslegoaren profila (pertsona heldua, 36 urte batez beste, unibertsitateko ikasketak egina dituena, lanean dabilena eta emakumea nagusiki), eta, hein handi batean, sakontze eta eguneratze ikastaroak prestatu ditu udaberrirako. Batez ere gipuzkoarrak eta bizkaitarrak izaten dira.

   Bestalde, UEUk gogorarazi du Eibar eta Elgoibargo udalek diru laguntzak ematen dituztela bertan erroldatutako herritarrentzat, eta gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak UEUren on line lerroa bultzatzen duela eta, hori dela eta, on line ikastaroetan zein Eibarko ikastaroetan matrikulatzen diren gipuzkoarrek diru laguntza izango dutela: prezio orokorraren %35a gehienez, beti ere udalaren aldetik laguntzarik ez duten gipuzkoarrentzat.

   Ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago eta epe hori ikastaro bakoitza hasi baino astebete lehenago amaituko da. Informazio gehiago jasotzeko edo matrikula egin nahi duenak bi bide ditu eskura: www.ueu.eus webgunean eta 943 82 14 26 telefonoa.