UEUk 42 ikastaro eskainiko ditu Udako Ikastaroetan, iazko arrakasta errepikatzeko helburuarekin

Iñaki Alegria eta Irati Iciar
Foto: UEU
Actualizado: miércoles, 14 mayo 2014 10:32

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

   Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) bere 42. Udako Ikastaroak aurkeztu ditu gaur, maiatzak 14, eta guztira, 42 ikastaro antolatu ditu, pasa den urteko arrakasta errepikatzeko helburuarekin, ekainaren 30etik uztailaren 23ra. Azken bi urteetan baino egoera hobean, udako ikastaroak "jakintza eta pertsonak saretzeko gogoz" datozela nabarmendu dute UEUko arduradunek.

   Izena emateko epea jadanik irekita dago eta ikastaroa hasi baino astebete lehenago egin ahal izango da matrikula. Informazioa eskuratzeko eta matrikula egiteko www.ueu.org webgunera jo behar da.

   Udako Ikastaroen aurkezpenean Iñaki Alegria UEUko zuzendariak eta Irati Iciar UEUko Udako Ikastaroetako arduradunak hartu dute parte. Alegriak gogorarazi du UEUk lau hamarkada daramatzala euskara eta unibertsitatearen alde lanean, eta tarte horretan egindako ekarpena "handia" izan dela.

   Azken bi urteak "gogorrak" izan direla gogorarazi ondoren, "gauzak pixka bat hobetu" direla eta "indartsu" datozela azpimarratu du, eta UEUk betetzen duen "funtzio garrantzitsuenetako bat" nabarmendu du, hots, "unibertsitate sistemaren barruan sare euskalduna biltzea". "Hau da, jakintza eta aditu euskaldunen topagune eta akuilu izatea. Udako Ikastaroak horren adibide argiak dira, eta sare hori osatzera gonbidatzen zaituztet", gaineratu du.

   Bestalde, Iciarrek azaldu du 42 ikastaro antolatu direla aurten, "inoiz baino gehiago", eta antolaketa ez dela erraza izan azpimarratu du, "ia 100 ikastaro proposamen jaso ditugulako eta aukeraketa egitea ez delako batere samurra izan".

   Esan bezala, guztira 42 ikastaro antolatu ditu UEUk aurten: horietatik 26 Eibarren (UEUren Ikastetxe Nagusian), zortzi Baionan (AEKn) eta zortzi Iruñean (Jaso ikastolan). Iciarrek azalodu duenez, sei jakintza arloetan banatuta egongo dira ikastaroak: artea eta musika, giza zientziak, ingeniaritza eta teknologia, zientzia aplikatuak, zientziak eta gizarte zientziak, azken hau izanik jakintza arlorik nagusiena. Halaber, ikastaroekin batera, lau jardunaldi antolatu ditu UEUk.

   Aurten hiru formatu desberdineko ikastaroak daudela jakinarazi du Iciarrek. Alde batetik, ikastaro espezializatuak daude, eta hauek egiteko aurretik jakintza maila bat beharrezkoa da; bestetik, dibulgazioko ikastaroak interes orokorrekoak dira eta jakintza maila zehatzik ez da behar; eta azkenik, garapen pertsonaleko ikastaroek "pertsona moduan garatzeko balio dute, galerak modu baikorrean bizitzen ikasteko adibidez".

#SARETU LEHIAKETA

   Bestalde, maiatzaren 26tik 30era bitartean #saretu lehiaketa antolatu du UEUk Twitterren. Txioen kate bat lortu nahi da ekimenarekin, "saretze hori irudikatuko duena".

   Lehiaketan parte hartzeko, adibidez, pertsona batek bere lagun bati idatzi diezaioke "@IratiIciar-i Komikigintza ikastaroa oparituko nioke", eta ondoren #saretu traola eta Udako Ikastaroen webgunerako lotura jarri. Ondoren, @IratiIciarrek bere beste lagun bati bidaliko dio "ikastaro oparia".

   Sarean arrakasta gehien duen mezuak irabaziko du lehiaketa (bertxioak bi puntu eta gogokoak puntu bat izango du). Saria oparitutako udako ikastaroa izango da.

   Halaber, UEUren eta Udako Ikastaroen zabalkundea egiteko, ekainean zehar Bilbo, Baiona eta Iruñean hitzaldi zikloa izango da. Oraindik guztiak ez daude lotuta, baina aurrerago jakinaraziko ditu. UEUren jardueratik eratorritako hitzaldiak izango dira, "dakiguna erakusteko asmoz, UEUren argitalpen, batzorde, sail eta ikastaroetan parte hartzen duten ikerle eta profesionalek emandakoak, alegia".