DONOSTIA 14 May. (EUROPA PRESS) -
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren mendeko Euskal Trenbide Sareak (ETS) urte honen amaiera eta datorren urtearen hasiera bitartean jarriko du martxan Usurbilgo (Gipuzkoa) geltoki berria, Susana Garcia Chueca sailburuak terminal berriaren eraikuntza obretara egindako bisitan iragarri duenez.
Proiektuak 9,3 milioi euroko aurrekontua du obra zibilerako, eta hiru trenbide pasagune kentzea (horietako bi nasen artean) eta N-634 errepidearen gaineko pasabide berri bat instalatzea aurreikusten du, hirigunearen eta trenbide instalazioen arteko lotura eta Ingemar industrialdearekiko iragazkortasuna hobetzeko.
Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak eta Rafael Marcano ETSko Eraikuntza zuzendariak lagunduta egindako bisitan, Garcia Chuecak nabarmendu du asmo handiko jarduketa dela.
"Usurbili eskaintzen diogun zerbitzua hobetuko dugu, geltoki modernoagoarekin. Segurtasuna hobetuko dugu hiru trenbide pasagune kenduz. Geltokiaren barneko eta kanpoko irisgarritasuna hobetuko ditugu. Hirigunearen eta geltokiaren arteko lotura hobetuko dugu, eta hasi berri ditugun Aginagako mozketako lanak amaitzen ditugunean maiztasunak eta bidaia-denborak hobetuko ditugu", esan du.
Obra erritmo onean doa aurrera, aurreikusi bezala, urte honen amaierarako edo datorren urtearen hasierarako zerbitzuan jartzeko asmoz. Ekainaren hasierarako dago aurreikusita N-634 errepidearen gaineko pasabide berriaren instalazioa; uztailaren azken partean, berriz, Bilborako nasa jarriko da martxan, dagoeneko martxan dagoenaz gain.
Proiektuak planteatzen du irizpide eta behar berrietara egokitutako eta hasierako egoerarekin alderatuz ekialderantz 100 metro aldatuko den eraikin bat. Oinplano angeluzuzeneko bolumen bakarra eta 231 metro koadroko azalera eraikia dituen eraikina izango da da.
Sarbide nagusia ekialdeko fatxadan dago, Usurbilgo hirigunearekin zuzenean lotzen den oinezkoen pasabidearen maila berean, bertatik sartzen baita erabiltzaile gehien. Pasabideak N-634 errepideak zeharkatzen zuena ordezkatuko du, eta ia 20 metroko luzera eta 3 metroko pasagune librea izango ditu.
N-634 errepidean dagoen autobus geltokiarekin lotzen diren eskaileren eta igogailuaren bidez ere iritsiko da bertara. Geltokiaren eraikinetik aurrera, oinezkoentzako pasabidea %3,3ko malda duen arrapala izango da, eta bertan igogailua eta eskailerak egongo dira, Ingemar industrialdearen beste aldera jaisteko.
Atari nagusian txartelak saltzeko makinak eta geltoki buruaren gela egongo dira. Txartelak baliozkotzeko lerroa igarota, bigarren mailako ataria egongo da, eta handik alboko bi nasetara sartu ahal izango da, bi eskailera finkoren eta bi igogailuren bidez, hurrenez hurren. Nasak 20 metro luze izango diren markesina zentralez estalita egongo dira.
Kanpoko egiturari dagokionez, bolumen trinkoa aukeratu da, atariari argi naturala emango dioten eta material erresistente, funtzional, antibandaliko eta mantentze errazez estalita egongo diren leiho handiz zulatua.
Lanak amaitzean, zuzeneko bi trenbidek eta amaieran topea duen bazterbide batek osatuko dute geltokia. Gainera, bi nasa egongo dira alboetan zirkulazioko trenbide nagusi bakoitzerako.