UZEIk 2025eko 25 hitz hautatu ditu urtearen laburpen gisa

Archivo - Edukiontziak Bilboko portuan; muga-zerga izan da 2025eko hitza Euskaltzaindia eta UZEIrentzat
PUERTO DE BILBAO - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 22 diciembre 2025 13:20

BILBO 22 (EUROPA PRESS)

UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak hedabideetan eta sare sozialetan zeresana eman duten gaiez hitz egiteko aurten ahotan ibili diren 25 hitz bildu ditu, 2025. urteko gertaera eta joeren errepaso gisa.

Zentroko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, zerrendan, beste hizkuntzetatik hartutako hitzekin batera, euskaratik bertatik sortutako esamoldeak ere jaso dira, hala nola mitoaroa (Zetak musika taldearen ikuskizunaren izena) edo harausta (Biarrizko La Negresse auzoaren garai bateko izena).

AEBko Gobernuaren politikak eta Donald Trump presidentearen erabaki jakin batzuek ekarri duten "soka luzea" nabarmendu dute UZEItik; horren adibide dira Mexikoko golkoa, narkotxalupa edo UZEIk eta Euskaltzaindiak urteko hitz gisa hautatu duten muga-zerga.

Ingurumenari buruzko albisteen harira ere, urtero bezala, hitz sorta sartu da aurtengo zerrendan. Horrela, zeharka bada ere, otsoak birritan izan dira aipagai, otso-mota bat desiraungi egin omen dutelako zientzialariek, edo txerri-izurria zabaldu duten basurdeak hainbeste ugaritu izanaren arrazoietako bat otsorik eza delako.

Mugaren bestaldetik iritsitako albisteek ere "aztarna nabaria" utzi dute aurtengo zerrendan. Aipagarriak dira, adibidez, ur minerala ardatz izan duen eskandalua, edo Emmanuel Macronek soldadutza berriro indarrean jartzeko asmoa iragarri izana. Haren emazte Brigittek feminista talde bati buruz esandako hitz batzuk ere zerrendan sartu dira -alu zikinak-.

Zerrendan jasotako hitzak urtean zehar agertu edo nabarmendu diren gertakarien segida kronologikoari jarraituz antolatu dira. Hitz horien erabilera testuinguruan kokatzeko asmoz, hedabideetako eta sare sozialetako zenbait adibide txertatu dira; adibideak erabileraren erakusgarri soilak dira, eta ez dute bestelako erreferentzia baliorik. Zerrenda hurrengo esteka honetan kontsulta daiteke: https://uzei.eus/2025ekohitzak/

Zerrendaren helburua da eguneroko lexikoak urtebetean izan duen bilakaeraren isla eskaintzea, eta, beraz, ez du zerrenda itxi edo osoa izateko asmorik. UZEIk etengabe aztertzen du hedabideetako hizkera, hizkuntzaren prozesamendu automatikorako eta bestelako lanetarako hitz eta terminoak bilduz. Bilduma horretatik abiatuta egin da urteko hautaketa, euskararen berritzeko ahalmena eta erabileraren dinamismoa azpimarratzeko helburuarekin.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado