BILBO 24 (EUROPA PRESS)
Azkue Fundazioak sustaturiko Xare Euskaraz Kultura Digitalaren Jardunaldiak Balmasedara iritsiko dira lehenengo aldiz ostegunean, azaroaren 26an, bertako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, eta Bizkaiko udalerriko Balmaseda BHI ikastetxeko 111 ikasle elkartuko ditu esparru digitalean ohitura osasuntsu eta jasangarriak sustatzeko helburuarekin.
Ekimenaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, ia hamar urteko ibilbidea duen Xare egitasmoa lehenengo aldiz iritsiko da Balmasedara eta Enkarterrira, eta, gazteen alfabetizazio digitala "lehentasunezko premia" denez, nerabeen bizitzen esparru digitalari dagokionez ere pedagogia egitea izango da jardunaldiaren xedeetako bat.
Pertsonen arteko harremanak, sorkuntza prozesuak, ogibideak, eremu profesionala eta heziketa digitalizatu diren garaian, "askotariko gaitasunak garatzeko ikasketa prozesu betean dauden gazteek ez dute behar bezain besteko laguntzarik eta heziketarik jasotzen esparru horietan ere burujabe jarduteko".
Hain justu, hutsune hori betetzeko ekarpena egitera dator Xare, gazteek unibertso digitalean ere ohitura nahiz bizimodu osasuntsu eta jasangarriak eduki ditzaten. Jardunaldiotan teknologia eta lanabes berriak ezagutzen dituzte eta, batez ere, horien erabilera arduratsua, etikoa eta kritikoa egiteko tresnak jasoko dituzte.
Eskubide digitalak, teknopatiak edota ziberjazarpena bezalako kontzeptuak jorratuko dituzte nerabeek, baina era ludiko eta erakargarrian, ihes jokoen eta bestelako formatu dibertigarrien bitartez, batez ere ondo pasatzeko jardunaldiak dira eta.
Gazteak eta unibertso digitala bezala, euskara da Xare egitasmoaren hirugarren zutabea eta beste helburu garrantzitsua, euskarazko sorkuntza eta baliabide digitalak ikusarazi nahi baititu gazteen artean. Lanabesak ezagutu ez ezik, ikasleek tresna horiek balioan jar ditzaten nahi du, "gazteak, hartzaile-kontsumitzaile izatetik, euskarazko ekosistema digitala aberastuko duten sortzaile eta garatzaile izatera pasatu daitezen".
JARDUNALDIA
Bada, Azkue Fundazioak sustatu eta Balmasedako Udalak zein Eusko Jaurlaritzak babesten duten saiok Balmaseda BHI ikastetxeko 111 ikasle batuko ditu ostegunean. Parte hartzaileek Klaret Antzokian, Kultur Aretoan eta Horkasitas Jauregian dute hitzordua, eta gune bana izango dute: Pribatutasuna gunea, Harremanak gunea eta Ikas gunea (tailerrak). Lau txandatan eta bi taldetan banaturik, ikasleek Xare jardunaldiak dakarren egitarau osoaz gozatuko dute 09:00etatik 13:45era bitarte.
Pribatutasuna gunean, arrasto digitalaz eta adimen artifizialaren iturriez gogoeta kritikoa egiteko hitzaldi interaktiboa izango da, eta, aurtengo berritasun gisa, 'Gezur(h)egia' izeneko abentura grafikoa biziko dute gazteek: albiste faltsuak eta enpresa teknologiko handien gehiegikeriak salatuko dituzten kazetarien azalean jardungo dira.
Harremanak gunean beste hitzaldi interaktibo batean parte hartuko dute gazteek; kasu honetan, sare sozialetan besteekin nola erlazionatzen diren izango da hizketagaia. Gune berean, bestalde, 'Zainduz Saretu' izeneko ihes jokoan ariko dira, besteak beste, gorroto mezuak eta 'red flag'-ak identifikatzea izango da jokoan aurrera egiteko modua.
Ikas gunean, aldiz, lanabes digitaletan trebatzeko eta horien aplikazio errealak ulertzeko sei lantegi praktiko izango dits aukeran: 3D inprimagailuak, Arduino/Robotika, Errealitate Birtuala, Gamer Gela Argazkilaritza tailerra, eta Musika sortzeko, nahasteko eta zabaltzeko aplikazioak.
Euskarazko unibertso digitala elikatzen diharduten profesional eskarmentudunak arduratuko dira XARE programa osatzen duten jarduera horiek guztiak gidatzeaz.
Iruñea, Amorebieta-Etxano (Bizkaia) eta Eskoriatzako (Gipuzkoa) hitzorduen ostean, Balmasedakoa izango da Xare jardunaldien laugarren geldialdia 2026-2027ko ikasturtean. Ostean, Donostiara, Zarautzera (Gipuzkoa), Bilbora, Gasteizera eta Baionara iritsiko da, besteak beste. 2017an abiatu eta 2026ra bitarte, Euskal Herri osoko 18.500 bat gaztek hartu dute parte heziketa digitala eta euskarazko kultura digitala sustatzea helburu duen Xare egitasmoan.