XXV. Nazioarteko Eskubaloi Txapelketa jokatuko da datorren ostegunetik larunbatera bitartean

Egiako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketako aurkezpena.
DONOSTIAKO UDALA
Publicado: miércoles, 21 agosto 2019 14:03

DONOSTIA, 21 Ago. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Udalak Egia Eskubaloiak antolatzen duen XXV. Nazioarteko Eskubaloi Txapelketa aurkeztu du. Txapelketa abuztuaren 22tik 24ra bitartean jokatuko da eta bertan maila handiko emakumeen zein gizonezkoen eskubaloia ikusteko aukera egongo da.

Aurkezpenean parte hartu dute Donostiako Mariaje Idoeta zinegotziak, Kepa Garcia Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol departamentuko arduradunak, Xanti Jaka eta Alex Elezgarai Egia Eskubaloiko arduradunek, Gurutz Aginagalde C.D. Bidasoako presidenteak, Tati Garmendia Amara Bera Berako arduradunak, Francis Barros Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko presidenteak.

Abuztuaren 22an, ostegunean, hasiko da Egiako eskubaloi astea, eta Egia Eskubaloiko emakumeen eta gizonen talde seniorren aurkezpenak egingo dira. Horretarako, lagunarteko partida bana jokatuko dute, emakumeen taldeak Irauliren aurka, eta gizonen taldeak Amenabar Zarautzen aurka.

Hilaren 23an, ostiralean, nazioarteko txapelketaren gizonezkoen lehiaketa hasiko da. Bertan bi partida izango dira, Helvetia Anaitasuna eta Fenix Toulouseren artekoa, eta CD Bidasoa eta BM Logroño La Riojaren artekoa. Bigarren partida 20:00tan izango da, eta iaz Asobal Ligan bigarren eta hirugarren sailkatu ziren taldeak ikusteko aukera egongo da. Gainera, bi talde horiek Europan arituko dira denboraldi honetan.

Emakumeen txapelketako partidak abuztuaren 24an, larunbatean, jokatuko dira. Super Amara Bera Berak antolatzen duen Summer Bag 2019ko hirugarren eta laugarren postua eta finala izango dira. Bertan Egiako kiroldegira gerturatzen diren zaletuek talde donostiarra ikusteaz gain, Mecalia Guardes, Liberbank Gijon eta Aula Valladolid taldeak ikusteko aukera izango dute. Arratsalderako, aldiz, gizonezkoen hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko partida eta finala jokatuko dira.

Donostiako Udaleko zinegotzi Mariaje Idoetak azpimarratu du 25 urte hauetan Egia Eskubaloiak egindako lana udako klasikoetako bat den txapelketa antolatzeko. Eta era berean, eskubaloi zaleei dei egin die Egiako kiroldegira joateko maila handiko txapelketaz gozatzera.