Zubietako erraustegiko langileek mobilizazioak hasiko dituzte lan baldintzak hobetzeko enpresa hitzarmenaren alde

Archivo - Zubietako erraustegia
EH BILDU - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 12 enero 2026 12:22

DONOSTIA 12 (EUROPA PRESS)

Zubietako (Gipuzkoa) erraustegiko langileek mobilizazioen egutegi bati ekingo diote eta urtarrilaren 15ean elkarretaratzea egingo dute fabrikaren sarreran, "euren lan baldintza eskasak aitortuko eta hobetuko dituen enpresa hitzarmena exijitzeko".

LAB sindikatuak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, Ekobal enpresarekin urtebetez negoziatzen aritu dira langileak, Gipuzkoako Kale Garbiketako Hitzarmenak jasotzen ez dituen erraustegiko langileen lan baldintza bereziak eta zehatzak arautzeko, baina, azkenean, "hasierako egoerara itzuli dira langileak, jasan behar dituzten lan baldintza penagarriak aitortzeko borondate ezagatik". "GHK eta Ekondakinen borondate falta dago atzean, eta Gipuzkoako Foru Aldundia da arduradun nagusia", gaineratu du.

Sindikatuaren arabera, Zubietako erraustegiko langileek "sektoreko hitzarmenean arautu gabeko txandatasun, arriskugarritasun eta toxikotasun handia daukan ingurune batean lan egiten dute, eta babestu eta ordaindu gabeko baldintzak dituzte".

"Enpresak 12 ordura arteko lanaldi jarraituak egitera behartzen ditu jada osasunerako kaltegarria den 24/7 txanda sistemako langileak, aurreko edo hurrengo txandako langileak lanera ezin badira joan. Hori gutxi balitz, mantentze lanetako langileak asteburuetan erreten zerbitzua egitera ere behartzen ditu enpresak, arautu eta ordaindu gabeko zerbitzu eta prestasuna ezarriz", salatu du.

Horrela, LABek galdetu du Ekobal, GHK eta Ekondakin "jakitun" al diren "arautu gabeko hainbeste lanordu metatu egiteak langileen osasunean daukan eraginaz", eta Gipuzkoako Foru Aldundiak "ezagutzen" al dituen erraustegiko langileen baldintzak eta "zer esan" behar duen "egoeraren azken arduradun eta onuradun gisa".

Azkenik, sindikatuak adierazi du erraustegiko beharginei eskatzen zaien txandakotasuna eta etengabeko prestasuna eta "egunero jasaten duten benetazko arriskugarritasuna eta toxikotasuna" aintzat hartuko eta arautuko dituen enpresa hitzarmen bat aldarrikatzen dutela langileok.

Contador

Contenido patrocinado