Bernardo Atxagak jaso du Euskadi Literatura Saria "Nevadako egunak" liburuagatik

Bernardo Atxaga, liburu sarituaren ale bat sinatzen
Foto: EUSKALTZAINDIA
Actualizado: miércoles, 8 octubre 2014 11:43
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

   Bernardo Atxaga idazle eta euskaltzain osoak irabazi du Euskadi Literatura Saria, euskarazko narratiba alorrean, "Nevadako egunak" liburuarekin. Epaimahaikideen esanetan, "hitzaren magia dario Bernardo Atxagaren prosari liburu honetan", Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak 2014ko Euskadi Literatura Sarien lehen irabazleen berri emateko Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoaren egoitzan eskainitako prentsaurrekoan azaldu duenez.

   Ur Apalategi, Pello Otxoteko, Jon Kortazar, Arantxa Urretabizkaia eta Lourdes Otaegi epaimahaikideek azpimarratu dutenez, "testuinguru arrotzaren estimuluen haritik, narrazioan zehar iragana eta oraina, ozeanoaz alde batekoa eta bestekoa, errealitatea eta fikzioa, eta are ametsen mundua, txirikordatuz joango dira, azken orduetako tentsio uneetara heldu arte".

   Idazle asteasuarrak 2013ko abenduan kaleratu zuen "Nevadako egunak" liburua, Pamiela argitaletxearen eskutik. Aurtengo apirilean, Espainiako Kritikaren Saria irabazi zuen lan honengatik, euskarazko narratibaren alorrean.

   Halaber, agerraldi berean jakinarazi da Iñigo Roque itzultzaileak jaso duela itzulpen lanik onenaren saria, Antonio Lobo Antunes portugaldarraren "Gauzen ordena naturala" liburuaren itzulpenagatik, eta Idoia Estornesek gaztelerazko literatur libururik onenarena, "Cómo pudo pasarnos esto" lanagatik.

   Saritu bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu, eta 4.000 euroko laguntza ere jasoko dute literatura sarituek liburua beste hizkuntza batera itzultzen bada.