Aviso: Esta noticia tiene más de un año. Última actualización: 21/07/2010 12:20
Bi gasteiztar Paristik irtengo dira larunbat honetan bizikletaz, hiriburu frantsesa eta Gasteiz arteko 940 bat kilometroak 35 ordutan lorik egin gabe egiteko asmoz.
Gabriel Ruiz de Egino (37 urte) eta Miguel Ibarra (27 urte) larunbat goizeko 6:00ak aldera abiatuko dira Parisko Garaipenaren Arkutik, eta Gasteizko erdialdera igande arratsaldeko 17:00ak aldera heltzea aurreikusi dute, prentsa ohar batean zehaztu dutenez. Ibilbidean, Orleans, Poitiers, Angulema, Bordele, Baiona, Hernani eta Arrasate zeharkatuko dituzte, besteak beste.
Ibilbidean zehar, bi txirrindulariek laguntzarako ibilgailu bat izango dute ondoan, ordezko piezak, janaria eta edaria eramateko, eta gaua denean argia eta babesa emateko.
Aurreikuspenen arabera, "orduko 27 kilometroko batez bestekoa" egingo dute, eta horretarako ez dute lorik egingo ibilbidean zehar eta "beharrezkoa denean" bakarrik geldituko dira.
Ruiz de Eginok eta Ibarrak egin dituzte antzeko abenturak aurretik. Izan ere, 2006ko irailean, Donejakue Bidea egin zuten 41 ordutan, Orreaga eta Konpostelako Santiago arteko 821 kilometroak lorik egin gabe egin baitzituzten. Hurrengo urtean Zilarraren Ibilbidea egin zuten, Gijonetik irten eta Sevillara helduz, lasterketako bizikletarekin 39 ordutan 850 kilometro eginez.
Bi abenturazale gasteiztarrek proiektu hauekin bilatzen duten helburua beren muga propioak ezagutzea besterik ez da. "Noraino hel gaitezkeen bakarrik jakin nahi dugu. Eta gainera, jendeak kirol gehiago egiteko balio badu, hobeto, gu ez garelako profesionalak", adierazi dute.