Eneritz Artetxek "Konpota" bakarrizketa estreinatuko du Durangoko Azokan

Actualizado: martes, 17 diciembre 2013 22:30

BILBO, 2 Dic. (EUROPA PRESS) -

Eneritz Artetxe aktore gernikarrak bakarrizketa bat interpretatuko du "Konpota" Dxusturi Teatroa taldearen obran, Philipe Gaulieren
testu batean oinarrituta eta Antton Lukuk euskaratuta. Abenduaren 8an estreinatuko da, arratsaldeko 19:00etan, Durangoko 48. Azokako Szenatokian, San Agustin kulturgunean, Arte Eszenikoen plazan.

Durangoko Azokatik azaldu dutenez, Zubi proiektua sortu dute hainbat antzokik eta konpainiak elkarlanean, euskarazko antzerki sorkuntza bultzatzeko asmoz, eta lehenbiziko deialdira aurkeztu dituzten obren artean hautatu izan da "Konpota".

Hauek dira antzoki eta konpainia horiek: Bizkaiko Kultur Leioa (Leioa), Ametx Zornotza Aretoa (Zornotza), Arriola antzokia (Elorrio) eta San Agustin Kulturgunea (Durango); Lapurdiko Harri Xuri Karrikako Arteen Fabrika (Luhuso); Baxe Nafarroako Herri Antzokia (Donibane Garazi); eta Artedrama Euskal Laborategia eta Le Petit Theatre De Pain konpainiak. Obra Durangon estreinatzea erabaki dute, Azokaren egunekin bat eginez, baina ondoren antzoki horietan guztietan taularatuko da.

"Konpota" obrak ironia handiz kontatzen du suge batekin eta sagar batekin harremana duen emakume baten istorioa. Eneritz Artetxek berak honela azaltzen du: "Paradisua edo askatasuna aukeratu behar izateari
buruz hitz egiten du eta erabaki horrek ekarri zituen ondorioez ari da, beretzat eta gizateria osoarentzat".

"Aktore bezala, beti nahi izan dut sakondu bufoiaren eremuan. Irakurri nuenean Philipe Gaulierren testua konturatu nintzen bila ari nintzena aurkitu nuela, emakume bufoi batentzat idatzia zegoelako eta ematen zidalako aukera amorruaz eta emakumearen errebeldiaz hitz egiteko", azaldu du.

Narrazioaren pisu osoa Eneritz Artetxeren interpretazioak darama berekin, agertokian oso elementu eta apaingarri gutxi taularatzen dituelako. Artetxek (Gernika Lumo, 1972) Basauriko Interpretazio Eskolan ikasi zuen. Gorakada edo Maskarada bezalako taldeetan aritu ostean, Londresen eman zuen urtebete, eta han Philipe Gaulierren eskolan aritu zen.

Handik bueltan, antzerki eskolak eman zituen, talde amateurrak zuzendu zituen eta aktore lan egin zuen bai antzerkian eta bai telebistan. Azken urteotan ipuin kontalari jardun du eta arte eszenikoen hainbat proiektutan parte hartu du: "Historiako kantaririk txarrena", "Gernika Sutan", "Urperatutako argaik" edo "Los enamorados".

ANTZERKI MARATOIA

Bestalde, Szenatokia guneak arte eszenikoen maratoia antolatu du abenduaren 7rako. Taularatuko diren antzezlan guztiak helduentzako dira eta 15 minutuko iraupena dute, hau da, jatorrizko obren trailer moduko bat erakutsiko dute.

Maratoiak bi atal izango ditu: 12:00etatik 14:00era eta 18:00etatik 20:00era. Goizeko txanda The True antzerki taldeak zabalduko du, "Bidaia Magikoa" antzezlanarekin. Behin barruko beldurrak eta mamuak
gaindituta, nork bere mugak apur ditzakeela erakusten du obra honek, elkarrizketa arin eta barregarriz osaturik eta hainbat dantza eta abestirekin lagunduta.

Ondoren, Bada Teatroa agertuko da Szenatokira, "Traganarru" taularatzera. 1912an ehunka marinel hil zituen galarren tragikoa ardatz hartuta sortu da antzezlan hau. Istorio honetan, bodyboarder batek 1912. urtera jauzi egingo du istripuz, baina ez da bere errealitateaz jabetuko.

Xentimorik Gabe antzerki taldeak hartuko du erreleboa, "Kokakola eta barea" antzezlana eskaintzeko. Ray eta Nik (Ramon Agirre eta Inazio Tolosa) artisten pasadizo berriak kontatzen dituen ikuskizuna da. Oraingoan, umoreak lagunduta, "Euskal Kantagintzaren Benetako Historia kontatzera eta kantatzera datoz bi aktore hauek".

Karrika antzerki taldearen "Inungane, Sustraiak airean" antzezlanarekin itxiko dute maratoiaren goizeko tartea. Etorkin bihurtu eta barrura zein kanpora bidaiatzea proposatzen du talde honek.

Arratsaldeko tartea Silvia Manzana eta Jon Ander Alonsorekin hasiko da. "Mikrohuinak" izenburuko ikuskizunean, ezkondu eta gutxira, Tristanek eta Matildek beren bizitzak hankaz gora jarriko dituen
gertaera gogor batekin egingo dute topo.

Dramaren ostean, musika eta umorea helduko dira, Demode Quartet izango baita Szenatokian arituko den hurrengo taldea. "Epa!" deituriko ikuskizunean abesti ezagunen bertsio berriak eskainiko dituzte, aho zabalik utzi eta dibertitzeko asmoz.

Horiek bukatu eta Taupada taldearena izango da txanda. "Hala ere maite nauzu" antzezlanak eskrupulorik gabeko politiko baten egunerokotasuna eta honek bere emaztearengan sortzen duen barreneko gatazka adierazten du.

Amaitzeko, Agerre teatroak "Zu ere On Kixote?" aurkeztuko du. Bertan, hiru komediante etorriko dira istorio bat kontatzera, baina txirrindulari ero bat antzokian sartuko da bere istorioa kontatu nahian: Kixoteri buruzkoa.