Erromako historiari buruzko euskarara itzulitako lehen eskuliburua argitaratu du EHUk

Actualizado: lunes, 21 septiembre 2015 11:38

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Argitalpen Zerbitzuak oraintsu argitaratu du euskaraz "Erromatar Goi Inperioa Mendebaldean" izeneko liburua, P. Le Roux bere arloko espezialista ospetsuenetako batek Erromako historiari buruz idatzitako eskuliburua da. Erromako historiari buruzko euskarara itzulitako lehen eskuliburua da, eta "euskal hezkuntza komunitate osoarentzako erreferentziazko eskuliburu bihurtu nahi da", EHUk jakinarazi duenez.

   EHUko Euskara Zerbitzuak programa bat dauka unibertsitatean ematen diren jakintza arloetako eskuliburuak egiteko eta, hala badagokio, itzultzeko. Horren xedea da ikasleek eskura izatea ikastaroak errazago egin ahal izateko material nahikoa. "Horrek, gainera, euskararen normalizazioan laguntzen du, euskara zientzia hedakuntzarako jakintza hizkuntza eta tresna gisa ezarriz, eta gaur egungo beste hizkuntzen maila berean kokatuz", azaldu du.

   Horren harira, EHUko Argitalpen Zerbitzuak euskarara itzuli eta argitaratu du P. Le Rouxek idatzitako Erromako historiari buruzko eskuliburua; Paris-X Unibertsitateko Historia Erromatarreko katedraduna da Le Roux, bere arloko espezialista ospetsuenetako bat. Itzulpena Karlos Zabalak egin du (2011n Euskadi Itzulpengintza Saria lortu zuen), eta Jesus Mari Makazaga aritu da zuzendari Euskara Zerbitzuan.

   Ondoren, Kenari Gómez Zubiak gainbegiratu du alderdi linguistikoa; Euskara Zerbitzuko kide eta Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolako irakaslea da. Bestalde, alderdi teknikoa Elena Torregarai Letren Fakultateko Ikasketa Klasikoen Saileko irakasleak gainbegiratu du.

   Argitalpenak "mugarria" jarri du euskal unibertsitate publikoan. Izan ere, "lehenengo aldiz itzuli da euskarara Erromako historiari eta, zehazki, inperioaren mendebaldeari buruzko eskuliburu bat. Horri esker, gehiago jakin ahal izango dugu Antzinako Historiako aldi horretaz, funtsezkoa baita gure lurraldeko eta inguratzen gaituen munduko historia hobeto ulertzeko", azpimarratu du irakasleak.

   Aldez aurretik, Koldo Larrañaga EHUko Ikasketa Klasikoen Saileko irakasleak lan handia egin zuen egile greko-latindarrek Euskal Herriari buruz idatzi zituzten testu garrantzitsuenak itzultzen. Lan aitzindari horrez aparte, ordea, orain arte ez genuen halako erreferentzia libururik. Horrenbestez, ez da unibertsitaterako argitalpen huts bat; euskal hezkuntza komunitate osoarentzako erreferentziazko eskuliburu bihurtu nahi da.