Aviso: Esta noticia tiene más de un año. Última actualización: 10/03/2010 12:15
Ertzaintzaren agenteek bi gizonezko atxilotu dituzte gaur goizeko lehen orduan Bilbon, banketxe batean lapurreta egin dutelakoan. Atxilotuak aldameneko atariko horma batean zuloa eginda sartu omen dira banketxean, eta gertuko garaje batetik ihes egiten harrapatu dituzte, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.
Gaur goizeko 8:05ean, Bilboko Santutxu auzoko banketxe batean egindako lapurreta baten berri eman diote Ertzaintzari. Bertaratu bezain laster, Ertzaintzaren agenteek bi gizonezko ikusi dituzte banketxearen aldamenean dagoen garaje batetik irteten; gizonezkoek bat egiten zuten salatzaileek susmagarriei buruz eskainitako deskribapenekin.
Identifikatu dituztenean, agenteek baieztatu dute gizonek bi poltsa zeramatzatela; barruan, pistola bat, dirua, bi lan-jantzi eta beste bi buru-beroki zeuzkaten. Ertzainek atxilotu egin dituzte, lapurreta delitu bat egotzita.
Agenteek jakin ahal izan dutenez, aldameneko atariko horma batean zulo bat eginda sartu dira banketxean; gizonek atari horretako giltza zeukaten. Lapurrak banketxeko langileen etorreraren zain egon dira eta, heldu direnean, labana batekin mehatxatu dituzte eta banketxeko kutxa gotorrean zegoen dirua lapurtu dute. Bi atxilotuak polizia-egoitza batera eraman dituzte, dagozkien polizia-eginbideak burutzeko.