BILBO 18 Mar. (EUROPA PRESS) -
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren menpeko BilbaoMusika erakunde autonomoak beste urte batez etxeko txikienak gonbidatu ditu udako oporraldiko denbora bat musika maitatzen ikastera "¡¡Divertimenti!!" musika-udalekuen programa berritzailearekin. BilbaoMusikak dagoeneko ireki du udalekuetan matrikula egiteko epea.
BilbaoMusikak, 5 eta 12 urte arteko eskola-umeeni zuzenduriko ikastaro hauekin, opor garaiko bi astetan musikaren mundua ezagutzeko aukera eman nahi die, eta euren adineko gainontzeko umeekin harremanetan egoteko aukera ere eskaintzen zaie, programaren arduradunek adierazi dutenez.
Musika-udalekuak uztailean zehar egingo dira Bilboko Udal Musika Eskolaren egoitzan, bi txandatan. Lehenengo udalekua uztailaren 5tik 16ra izango da, eta bigarrena uztailaren 19an hasi eta 30era arte luzatuko da. Jarduerak -euskaraz zein gaztelaniaz-, astelehenetik ostiralera izango dira, 9:30etatik 13:30etara. Kantua, dantza, musika eta heziketa fisikoaz gain, antzerkian ere izena ematen dutenak, ordu bat lehenengo hasi beharko dira, 8:30etan.
Matrikularen prezioa 115 eurokoa da eta 30 euro gehiago antzerkian izena eman nahi dutenek. Neba-arrebentzako deskontuak daude: bigarrenarentzat matrikularen prezioa 95 eurokoa izango da eta hirugarrenarentzat 80 eurokoa.
Aipatutako antzerki tailerrekin batera, programak bestelako jarduera batzuk ere eskaintzen ditu, esaterako, kontzertu didaktikoak, espresioa, jolasak, heziketa fisikoa, dantza koreografiak eta kantua. Errepertorioak obra zein musika estilo zabalak jasotzen ditu, Barrokotik hasi eta garaikideraino eta jarduera guztietan musikari profesionalak, Heziketa Fisikoan lizentziatuak eta Udal Musika Eskolako kolaboratzaileak arituko dira begirale lanetan.
Musika-udalekuak plaza mugatuak dituzte eta izena emateko epea apirilaren 23ra arte egongo da zabalik. Ohiko posta bidez, faxez (944 155 171), e-mail bidez edo www.bilbaomusika.net webgunean egin daiteke matrikula.
Ekimen berritzaile hau 2005eko uztailean jarri zen martxan lehenengo aldiz eta dagoeneko laugarren aldia da aurtengoa. Bigarren edizioan bi txanda eratu ziren zegoen eskaera handia ikusita eta hala izaten jarraitzen du gaur egun ere.