EUSKADI.-Blas de Oteroren argitaratu gabeko poemei buruzko saio bat izango da martxoaren 15ean Bilboko Bidebarrieta liburutegian

Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 12 marzo 2010 13:55

BILBO 12 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Blas de Otero poeta bilbotarraren jaiotzaren urteurrena ospatuko du datorren astelehenean, martxoaren 15ean, eta ekitaldi bat antolatu du Bidebarrietako liburutegian. Sioan, idazlearen alargun eta bere izena daraman Fundazioko presidentea den Sabina de la Cruzek aurki argitaratuko den "Hojas de Madrid" poema liburuaren argitalpenaren berri emango du. Lan horrek, ia 300 orrialdetan, poetak idatzi zituen eta orain arte argitaratu gabe zeuden poema bilduma zabala jasotzen du.

Antolakuntzak adierazi duenez, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan izango da oroitzapen ekitaldia, 19:30etatik aurrera. Bertan izango dira Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotzia eta Jose Fernandez de la Sota kazetari, idazle eta poeta bilbotarra.

Fernandez de la Sota, bere hitzaldian, Blas de Oterok Bilborekin izan zuen etengabeko harremanaz arituko da. "Blas de Otero: Cielos de Bilbao, Hojas de Madrid" izenburupean, poetak, urrun egon arren, inoiz galdu ez zuen eta bere lan guztian islatzen den, lotura hori gogoratuko du.

Izan ere, 2010ean etapa horren hasieraren 50 urte betetzen dira. 1960tik 1968ra bitartean, Francoren diktaduraren garaian, Blas de Oterok bere borondatez bere hiria utzi eta Sobiet Batasunera, Txinara eta Kubara eraman zuten bidaia handiak egin zituen.

Munduan zehar egindako ibilbide luzeak, gizarte kapitalista eta ekialdeko herrialde sozialisten artean zeuden hesiak gainditu ezin izan zuen literatura ezagutzeko aukera eman zion. Bidaia horietan ere, Txinan, Moskun edo Kuban, hainbat poema idatzi zituen, gaur egun poetaren lanen artean hain ezagunak ez diren poemak, hain zuzen ere. Poema horietako batzuk "Hojas de Madrid" liburuan jasotzen dira, eta ekitaldian errezitatu egingo dira eta beraiei buruz hitz egingo da.

Jose Fernandez De la Sota (Bilbo, 1960) Informazio Zientzietan lizentziatua da EHUn, eta Europar Ikasketetan Diplomatua Deustuko Unibertsitatean. Literatura garaikideak duen ahotsik garrantzitsuenetakotzat hartzen da.

Blas de Oteroren lana ongi ezagutzen duen eta asko aztertu duen zutabegile eta literatur kritikari hau 1980ko hamarkadaren amaieran egin zen ezaguna, "Te tomo la palabra" liburuarekin Eusko Jaurlaritzaren Poesia Saria lortu zuenean eta "Informe Goliat" eleberriarekin Pio Baroja Sariaren eta Nadal Sariaren finalista izan zenean. 1994an "La Gracia del enano" poema liburua argitaratu zuen, eta 1997an "Todos los santos" liburua. Azken lan horrekin Euskadi literatur saria lortu zuen hurrengo urtean.

Blas de Oteroren oroimeneko ekitaldia Bidebarrieta Kulturguneak antolatu du. Bidebarrieta Kulturgunea Bidebarrietako liburutegian kulturari eskainitako gunea da, eta bere helburuetako bat liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena da.

Contenido patrocinado