Aviso: Esta noticia tiene más de un año. Última actualización: 17/03/2010 11:19
CAF-Elhuyar zientzia eta teknologia-dibulgazioko sariak banatuko dira bihar Elhuyar Fundazioaren egoitza nagusian, Usurbilen (Gipuzkoa), arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Aurtengo edizioan, lau sari banatuko dira: dibulgazio-artikulu orokorren saria, 2.000 euro; egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria, 2.000 euro; zientzia-kazetaritzaren arloko lanen saria, 2.000 euro; eta azkenik, gazteei zuzendutako zientzia-narrazioen saria, 5.000 euro. Ohorezko sari bat ere emango da lehen aldiz, 2009ko CAF-Elhuyar sarietan: Merezimenduzko Aipamena, Luis Mari Bandres zenari.
Sariak banatzeaz gain, 2007ko CAF-Elhuyar sarietan zientzia-dibulgazioko lanetan irabazle izan zen Javier Navarro Los Arcos-en "Fisika eta Metafisika" liburua aurkeztuko da, Elhuyar Fundazioko iturriek jakinarazi dutenez.
Elhuyar Fundazioaren egoitzan martxoaren 1ean eta 4an elkartu ziren bi epaimahaietako kideek erabaki dituzte lan sarituak. Dibulgazio-artikuluak eta kazetaritza-lanak balioesteko eta hautatzeko ardura euskara eta zientzia-arloan eskarmentu handi duten pertsona hauek izan dute: Itziar Alkorta, Zuzenbide Zibileko irakaslea eta bioetikaria; Txema Pitarke, fisikaria eta CIC-Nanoguneren zuzendaria; Juan Ignacio Perez Iglesias, biologoa eta EHUko errektoreordea; Rosa Diez Urrestarazu, kazetaria eta Euskadi Irratiko zuzendaria; eta Jose Mari Rodriguez Ibabe, ingeniaria eta Elhuyar Fundazioko presidentea.
Gazteentzako narrazio-lanak balioesteko ardura, berriz, gazteentzat idazten esperientzia handia duten lagun hauek izan dute: Teresa Irastorza, Idazle Eskolako zuzendaria; Jesus Mari Olaizola "Txiliku", idazlea, biologia-arloan irakaslea eta euskara-zuzentzailea; eta Josu Waliño, Elhuyar Fundazioko proiektuen kudeatzailea eta gazteentzako ipuin-idazlea.