EUSKADI.-Chernobil elkarteak Euskaltelek ematen duen "Marea Laranja" saria jaso du bere lan solidarioagatik

Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 2 octubre 2009 20:18

BILBO 2 Oct. (EUROPA PRESS) -

Chernobil elkarteak Euskaltel telekomunikazio enpresak ematen duen "Marea Laranja" saria jaso du aste honetan, urteetan zehar egindako lan solidarioa aitortuz. 8.100 euroko saria da eta "umeen bidaia finantzatzeko eta elkartearen lana ahalbidetzeko balioko du", Marian Izagirre elkarteko presidenteak adierazi duenez. "Sari honek asko poztu gaitu, batez ere, jende arruntak eman digulako bere botoa", gaineratu du.

Euskaltelek ekainean kaleratu zuen deialdia eta sms baten bidez gizarteari bozkatzeko aukera eman zion. Sariaren zenbatekoa da kamiseta salmentaren bitartez lortutako diru kopurua.

Oso alor desberdinetan lan egiten duten elkarteen artean, Chernobil elkarteak 2.571 botorekin irabazi du, bigarrenaren bikoitza baino gehiago; bigarrenak 1.121 babes jaso ditu eta hirugarrenak, 1.180. Guztira, Euskaltelek 7.464 boto jaso ditu.

"Saria bera baino garrantzitsua iruditzen zaigu jende askok bere babesa adierazi digula. Eta badakigu pertsona horietako asko oraindik ez direla elkarteko partaide, agian, adina denbora ez dutela uste dutelako edota ez dakitelako nola egin. Horiei esan nahi diegu mezu hori bidaltzearekin dagoeneko lagundu gaituztela. Eskerrak emateko aprobetxatu nahi dugu eta, horrez gain, gu hobeto ezagutzera gonbidatu nahi ditugu", adierazi du.

Chernobil elkarteak laster kaleratuko du bere 15. kanpaina, "Ayúdanos a seguir creciendo/Hazten segitzeko behar zaituztegu" goiburupean. Aurten Ukrainiako umeek udan etortzearekin izaten duten onura fisiko eta psikologikoa azpimarratuko du, eta baita, 1996tik ezarritako berrikuntzak, hala nola familia berrien heziketa, 'Irritsu' aldizkaria edota familia laguntzaileen sorrera.

"Abuztuan, uda honetan etor daitezkeen 180 ume berri bisitatu genituen Ukrainian, eta orain harrera-familia bilatu behar diegu", azaldu du Marian Izagirrek.

Contenido patrocinado