EUSKADI.-EAEn 2.652 ezkontza izan ziren 2009ko hirugarren hiruhilekoan, aurreko urteko aldi berean baino %12 gutxiago

Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 12 marzo 2010 12:38

BILBO 12 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2.652 ezkontza egin ziren 2009ko uztailean, abuztuan eta irailean, hau da, aurreko urteko hiruhileko berean baino %12 gutxiago, Eustaten datuen arabera. Lurralde historikoei begiratuz gero, arabarrek 305 ezkontza egin zituzten, gipuzkoarrek 903 eta bizkaitarrek 1.349. EAEtik kanpo biziko direnen kasuan, ezkontzak 95 izan ziren.

Joan den urteko hirugarren hiruhilekoko 2.652 ezkontzetan, bizilekua EAEn duten 2.569 gizonezko eta 2.584 emakumezko ezkondu ziren. Horietatik 2.363 senarrentzat (%92), lehen ezkontza izan zen; bost alargun eta 201 dibortziatu berriro ezkondu ziren. Lehenengo aldiz ezkondutako emakumeen portzentajea eta gizonena berdinak izan ziren, eta 2.380 izan ziren (%92); alargunak zazpi izan ziren eta dibortziatuak 197.

Bestalde, iazko hirugarren hiruhilekoan, ezkontzen %54,3 zibilak izan ziren, hots, 2008ko aldi berean baino 8,6 puntu gehiago. Portzentaje hau 2009ko bigarren hiru hilekokoaren azpitik dago, orduan ezkontza zibilak %56 izan baitziren.

Uztailean egin zen ezkontzarik gehien (1.157), eta gero irailean (1.038). Bestalde, aurrekoetan bezala, ezkontzarik gutxien (457) izandako udako hila abuztua izan zen, hain zuzen, aurreko urteko hil beraren aldean %18 gutxiago.

Ezkontideek eztei-egunean zuten adinari erreparatuta, senarren artean ia %79k 30 urtetik gora zituzten; emazteen artean, berriz, %62k. Aurreko urteko aldi beraren aldean, proportzioa bi sexuetan handitu zen, baina emakumeen artean areago: 2008an %57k bakarrik zeuzkaten 30 urte baino gehiago, gizonen artean %75 zelarik.

Contenido patrocinado