GASTEIZ 17 Mar. (EUROPA PRESS) -
Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Elkarrizketa Zibileko Mahaiaren eraketa iragarri du gaur goizean. Mahai hori gizarte ekintzako hirugarren sektoreko sare eta federazio nagusien ordezkariek eta Zabaletak zuzentzen duen Sailak osatuko dute.
Hirugarren sektore horretan biltzen dira modu antolatuan baina irabazi asmorik gabe diharduten elkarte, fundazio eta bestelako erakunde guztiak. Sektore horrek, besteak beste, Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Sarea eta Ezintasun Intelektuala dutenen aldeko Elkarteen Federazioa biltzen ditu. Hau da, haien laneko esparrua gizarte-zerbitzuetatik hasi eta laguntza humanitariora iristen da, bidezko merkataritzatik, finantzazio etikotik eta komunitatearen garapenetik eta giza eskubideen babesetik pasatuz.
Hirugarren sektorearen barruan, esku-hartze sozialean diharduena erdigunean kokatzen da. Eusko Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, EAEn 1.000 erakundetik gora daude, eta horiek 50.000 boluntario baino gehiago biltzen dituzte; horrez gain, 20.000 inguruk soldatapean lan egiten dute.
Funtzionamendu baremo ohikoen arabera, erakunde horiek 400.000 kuota inguru jasotzen dituztela kalkulatzen da. Oro har, irabazi asmorik gabeko gizarte ekintzako erakundeek EAEko Barne Produktu Gordinaren %1 baino gehiago hartzen duela kalkulatu du Jaurlaritzak.
HELBURUA
Elkarrizketa Zibileko Mahaiaren helburua politika publikoen diseinuan eta betearazpenean eragina izango duten akordioetara iristea da, besteak beste, gizarte-gaien arloan. "Ziur gaude lankidetza, bideragarria ez ezik, positiboa eta beharrezkoa ere badela", adierazi du Gemma Zabaletak.
"Sailaren iritziz, boluntarioen ekintza eta elkarteen bizitza berebiziko garrantzia duen gai politikoa da. Gure ustez gizarte-eskubideak harremanezkoak dira, hau da, ezin dira gauzatu eskubide horien jabeen partaidetza aktiborik gabe", gaineratu du.
Praktikan, hirugarren sektorearekiko bilerak maiz samar egin dira joan den urtearen erdialdetik aurrera, egungo gobernua osatu eta gutxira. Une hauetan mahaian aztertzen ari diren eduki nagusiak Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen garapen eta aplikazioari lotutakoak dira. Zehazkiago, ondoko gaiei buruzkoak dira: plan estrategikoa, zerbitzu-zorroari buruzko dekretua, erabiltzaileen ekarpen ekonomikoa zerbitzuen iraupenerako eta diru-laguntzen berrantolaketa.
Horri buruz Gemma Zabaletak adierazi duenez, "geroago aztertuko dira mendetasunaren, familiaren, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren, garapen-lankidetzaren eta enpleguaren inguruko gaiak".
Elkarrizketa Zibileko Mahaia esperimentazio fasean egongo da datorren urtera arte, eta haren garapena osagarria da politika publikoen diseinu eta ebaluazioan eragile guztiek duten partaidetza bideratzeko kontseilu, batzorde eta foroekiko.
Une hauetan gizarte-ekintzako hirugarren sektoreko ondoko sareak eta federazioak parte hartzen ari dira elkarrizketa zibilean: Euskadiko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakudeen Koordinakundea;
EAPN Euskadi (Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Sarea);
Elkartean (Euskadiko Urritu Fisikoen Konfederazio Koordinatzailea);
FEDEAFES (Gaixo mentalen eta senideen elkarteen Euskadiko konfederazioa); FEDERPEN (Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Pentsiodun eta Erretiratuen Probintzia Elkarteetako Lurralde Federazioak); FEVAS (Ezintasun intelektuala dutenen aldeko Elkarteetako Euskal Federazioa).
Halaber, Gizatea (Euskal Autonomia Erkidegoko laneratze-enpresen elkartea); Harresiak Apurtuz (Etorkinei Laguntza emateko Gobernuz Kanpoko Euskadiko Erakundeen Koordinakundea); Hirekin (Euskadiko ekimen eta esku-hartze sozialeko erakundeen elkartea); Hirukide (Euskadiko Familia Ugarien Elkartearen Federazioa); LARES Euskadi (Adinduei laguntzeko egoitzen eta zerbitzuen euskal elkartea-Elkartasun sektorea); ONCE (Espainiako Itsuen Estatu Erakundeak) eta
REAS Euskadi (Ekonomia Alternatiboko eta Solidarioko Sarea) ere daude parte hartzen.