BILBO 12 Mar. (EUROPA PRESS) -
Guggenheim Bilbao Museoak "Art After Dark" gaueko egitarauaren beste saio bat eskainiko du gaur gauean, eta oraingoan, hip hop musika izango da protagonista. Bilboko Fever klubarekin lankidetzan diseinatutako programa honetan artea eta DJen saioak uztartzen dira, museo bilbotarreko iturriek gogoratu dutenez.
Ostiraleko saioan museora bertaratuko direnek "Robert Rauschenberg: Gluts" eta "Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak" erakusketez gozatu ahal izango dute, Bilboko Almah Mater DJs, 'Radio 3' irratiko esatari Jotamayúscula eta Jake Fairley Erresuma Batuko Border Community diskoetxe ospetsuko DJ kanadarraren musika entzuten duten bitartean.
Horrela, 22:00eta Almah Mater DJs-en txanda izango da. Bilboko taldeak kaleko errima gordinak erabiltzen ditu mezuak igortzeko. Bere soinua Club-aren eta Old Skool Beats-en artean kokatzen da, eta scratching teknika bikain menderatzen dute.
Ondoren, 23:00etan, Jotamayúscula agertuko da museoan. Jatorri ginearreko artista hau Espainiako hip hop musikaren adierazle nagusienetako bat da bai DJ gisa, bai eta El Club de los Poetas Violentos bere taldearen ekoizle gisa egiten duen lanagatik ere. Bere estudiotik pasa dira estilo horretako artista garrantzitsuak, hala nola Violadores del Verso, La Mala Rodríguez eta SFDK. 1998tik 'Radio 3'-eko "El Rimadero" programa zuzentzen du.
Bukatzeko, 00:00etan, musika elektronikoa nagusituko da, Kanadako Jake Fairley-rekin. Bere musika ambient techno erromantiko eta leunaren, minimal dub-aren eta no-wave zaratatsuaren artea mugitzen da. Oraintsu James Holden-en Border Community diskoetxearekin hasi da lanean.
Gaurko saiorako sarrerak 12 euroko prezioa du 18 urtetik gorakoentzat eta zortzi eurokoa Museoaren Lagunentzat, eta dagoeneko salgai daude museoaren leihatiletan eta www.guggenheim-bibao.es webgunean. Ikusle kopuru mugatua izango da.