EUSKADI.-Jorge Martinez Reverte eta Raul Guerra ariko dira Bilboko "Eztabaidak luteraturarekin" ekimenean martxoaren 16an

Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 12 marzo 2010 12:43

BILBO 12 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak jendaurreko elkarrizketen bitartez literaturako zenbait irudirengana hurbiltzea proposatzen duen "Eztabaidak literaturarekin" ekimenak literaturari eta gerrari buruzko topaketa aurkeztuko du martxoaren 16an, Jorge Martinez Reverte idazle eta kazetariarekin eta Raul Guerra Garrido idazle eta, lanbidez, farmazialari denarekin.

Antolatzaileek gogoratu dutenez, "Eztabaidak literaturarekin" zikloko elkarrizketak hilero burutzen dira, asteartez, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoko eszenatokian. Bertan, espezializatutako kazetari bat ekitaldiaren aurkezle eta gidari gisa aritzen da. Oraingoan, topaketaren moderatzailea Juanma Jubera irrati aurkezlea izango da.

Urteko hirugarren hitzorduan, "Eztabaidak literaturarekin" egitarauak literaturaren eta gerraren arteko harremanaren inguruko hitzaldia proposatuko du. Jorge Martínez Revertek (Madril, 1948) eta Raul Guerra Garridok (Madril, 1935), historian zehar horrenbesteko arrakasta lortu duen genero belikoaren ikuspegi laburra eskainiko dute, eta ondoren, gerrak literaturaren sorkuntzan izan duen eragina bezalako gaiei buruzko erantzunak ematen ahaleginduko dira.

Landuko dituzten beste gai batzuk, gerra bat literaturatik kontatzeko modua edo, azken urteetako gatazkek, Irakekoak, Afganistangoak edo Vietnamekoak, literatura unibertsalean aztarnarik utziko duten ala ez, izango dira.

Ia bi orduko solasaldian, eleberri belikoa irakurleentzat erakargarri bilakatzen duten alderdiak aztertzen ahaleginduko dira, erakarpen hori eleberrian ala gerran oinarritzen den ikusteko. Horrez gain, egungo genero belikoari eta etorkizunean izan dezakeen bilakaerari buruz ere hitz egingo dute.

Jorge Martinez Reverte kazetari eta idazleak historiarekin eta memoriarekin erlazionatutako hainbat eleberri eta liburu idatzi ditu: "Hijos de la guerra", "Soldado de poca fortuna" edo "La batalla de Madrid", beste batzuen artean. Zenbait saiakera historiko ere egin ditu: "Hijos de la guerra. Testimonios y recuerdos", "La caída de Cataluña", "La batalla del Ebro", "La batalla de Madrid" (2007), "La furia y el silencio" (2008). 2009an argitaratu zuen azken liburua: "El arte de matar: Cómo se hizo la Guerra Civil española".

Bestalde, lanbidez farmazialari den eta 1960tik Donostian bizi den Raul Guerra Garridori dagokionez, lan asko idatzi dituen idazlea da. 1969tik eleberria, narrazio laburra, saiakera, kritika edota kazetaritzako artikuluak landu ditu, besteak beste. Argitalpen horiei guztiei esker, Nadal Saria (1977) eta Letren Sari Nazionala (2006) lortu zituen, beste hainbat sariz gain. Duela denbora gutxi "Quien sueña novela" lana argitaratu du, eta lan horrekin Fernando Quiñones eleberri saria lortu du.

Contenido patrocinado