BILBO 17 Mar. (EUROPA PRESS) -
Metro Bilbaoko kontseilari delegatua den Iñaki Pregok gidatzeko simulagailu berria aurkeztu du gaur Etxebarriko geltokian. Errealitate birtuala eta aginte-gailu errealak ondo uztarturik, bertoko teknologiarekin diseinatuta, hiri trenaren sarea xehetasunez jasotzen du, eta trena benetan gidatzearen oso antzeko egoerak irudikatzen ditu. Trebatzeko tresna hau abangoardiako ikastetxe baten "arima" da, gidarien kolektiboa osatzen duten 181 pertsonak hezi eta trebatzeko, eta baita, besteak beste, gidatzen aritzen diren bestelako langileak ere.
Sistemak Bilboko hiri trenaren sare osoa zehatz-mehatz irudikatzen du, 40 trenbide kilometrotik gora, bihurguneekin, gorabeherekin, seinaleen sistemarekin, balizekin, katenariarekin eta geltokiekin. Matxura, ezbehar eta ezusteko ugari simulatzeko aukera ematen du, langileak horiei erantzuten trebatzeko, eta irtenbide seguru, eraginkor eta efizienteenekin asmatzeko metroaren zerbitzua behar bezala ez doanean, egoera degradatuetan, alegia.
60 matxura eta 25 ezbehar baino gehiago daude aldez aurretik programatuta praktikan jartzeko. Simulagailua trenetan eta seinaleetan ohikoenak diren matxurak eta ezbeharrak programatzetik harantzago ere badoa, eguraldirik txarrenak ere irudikatzeko gai baita, esaterako, elurte handia edo behe laino itxia lurrazaleko zatian.
Metropoliko sistemetan "ezinbesteko trebakuntza tresna" bihurtu da egun, gidatzeko modu automatikoak eta seguruak -ATP eta ATO sistemak- ezartzen hasi zirenetik. Abantaila ugari ditu teknologiak, zirkulazioaren fidagarritasuna eta segurtasuna "nabarmen" hobetzen dituenez gero. "Horregatik, simulagailua izatea ezinbestekoa da gaur egun edozein trenbide enpresatako gidarien prestakuntza etengabea kalitatezkoa izango bada", adierazi du metroko arduradunak.
Kosteak aurreztea da trebatzeko sistema honek dakarren beste abantaila handi bat, zeren eta tren batek egiten dituen mugimendu eta maniobra guztiez gain, zirkulazioko matxurak eta gorabeherak ere entseatzeko aukera ematen baitu, linean egin beharrean eta instalazioak hondatzeko arriskurik hartu barik, horrek gastuak ere aurreztea dakarrelarik.
ETXEBARRIN
Simulagailua ez da kasualitatez jarri Etxebarrin, trenak trenbidez aldatzen baitira han. Sarearen enborrean egonik, funtsezko tokia da gidarientzat, tren guztiak, 1. zein 2. lineatik etorri, handik igarotzen direlako. Horregatik, errazago eta hobeto antolatzen da han enpresak gidariak trebatzen ematen duen denbora.
Hiru postu ditu, bat irakaslearentzat eta beste biak trebatuko diren pertsonentzat. Kabina birtual horietan, estetika zaindu eta funtzionalarekin, gidariak 500, 550 zein 600 sail berriko trenetan aurkituko dituzten baldintzak irudikatzen dira. Gainera, sistemak lau edo bost bagoiko trena sar lezake ariketan.
Ikasgelok balio handiko irtenbide teknologia eskaintzen dute, gidariak zirkulazioaren segurtasunean behar dituzten jakingarri, trebetasun eta jarreretan ahalik eta ondoen molda daitezen lortzeko, errealitatean nekez aurkituko genituzkeen egoera zail eta arriskutsuen aurrean jarrita. Horretarako linea birtualen 40 kilometro baino gehiagoko sarean izan litezkeen eszenatoki guztiak eta trenek erabiltzen dituzten segurtasun sistemak dituzte.
Simulagailuaren diseinua Lander euskal enpresak egin du. Arreta berezia jarri du Metro Bilbaoren sarean izan litezkeen eszenatoki guztiak berrekoizten. Ukipeneko hiru pantaila eta aginte-gailuen multzoa ditu gidatzeko kabinak. Ikasleari, kabinan, trenbideko, katenariako elementuak, seinaleak, pasaguneak, geltokiak edota bezeroak bistaratzen zaizkio.
Jesarlekutik, ariketa egiten ari den pertsonak segurtasun, trakzio eta balaztatzeko sistemak, trenaren kontrolak, bezeroen komunikazio eta informazio sistemak, geldialdiak, ateak ireki eta ixteak ere ikuskatzen ditu. Pantailan ageri den atzerako ispiluaren bidez trenera sartzen den eta trenetik irteten den jendea ere ikusten du.
Tresna oso moldakorra ere bada. Simulagailuaren diseinuak aukera ematen du funtzionaltasunak beharren arabera gehituz joateko, hala nola ibilbidearen luzapenak, matxurak eta gorabeherak edo ibilgailu berriak, edo seinaleen sistemen aldaketekin loturiko aldaketak.
Hemendik aurrera, Metro Bilbaoko 181 gidariak urtean hirutan igaroko dira saretik modu "ez automatikoan" gidatzera, egoera degradatuetan trebatzeko, bereziki zerbitzuan atzerapenak sortzen dituzten eta zirkulazioaren segurtasunarekin loturarik izan lezaketen egoeretan.