EUSKADI.-Microsoft saritu dute Estatu espainiarrean eleaniztasuna sustatzeagatik

Actualizado: miércoles, 25 febrero 2009 18:46

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak dio eleaniztasuna "gainditu gabeko asignatura" dela Estatuan


BILBO, 25 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak, Kataluniako Generalitateak, Galiziako Xuntak eta Balear Uharteetako Gobernuak, lau gobernuak hizkuntza politikaren alorrean indarrean duten elkarlanaren baitan, Estatu espainiarreko izaera eleanitza sustatzera zuzendutako saria eratu dute, eta Microsoft konpainiari eman diote lehenengo edizioan. Sariaren bitartez, pertsona, enpresa edota erakunde batek Estatuko hizkuntz aniztasunaren alde egindako lana aitortu nahi da.

Hizkuntz aniztasunaren aldeko sari hau ohorezko aipamena da eta ez dakar diru saririk, eta esan bezala, Madrilgo Circulo de Bellas Artes aretoan egindako ekitaldian, sari honen lehenbiziko edizioa Microsoft enpresari eman zaio, teknologi berriak eta hizkuntzen aniztasuna uztartzeko egin duen lanagatik.

Microsoftek, aipaturiko lau gobernuetako hizkuntza politikarako sailekin elkarlanean, bere ekoizpenak Estatuko hizkuntza ofizial guztietan kaleratu ditu, Windows Vista sistema eragilea eta Microsoft Office 2007 softwarea euskaraz, katalanez eta galegoz prestatu ditu. Alde horretatik, enpresak bere software eskaintza Estatuko hizkuntza ofizial guzietara egokitzeko egin duen lana aitortzen zaio. Egun Microsoftek gailegoz, katalanez eta euskaraz eskaintzen du Windows eta Officeko sistemak, hala nola Windows XP eta Office 2003, edota Windows Vista eta Office 2007.

Sariaren epaimahaiaren aburuz, "Informazio eta Komunikaziorako Teknologi Berriei esker denbora eta geografiaren mugak gaindi daitezke eta aukera ezin hobea eskaintzen zaie munduko hizkuntzei bere lekua izateko mundu-auzoko galaxia birtualean. Laster batean teknologiak herri garatuen eta azpi garatuen artean bereizteaz gainera, teknologien erabilerarengatik hizkuntzak garatu eta ez garatuen artean bereiziko dituzte. Horrexegatik da hain inportantea Microsoftek eman duen pausua. Egindakoagatik eman zaio saria".

Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Microsoftek eleaniztasunaren alde egindakoa eta emandako eredua txalotu ditu. Bere hitzetan, eleaniztasuna abantaila eta aukera da, "beste era batera esanda, nire ustez Babel ez da madarikazioaren sinonimo, aldiz aukera da eta elkarbizitzarako benedikazioa. Microsoft-ek hizkuntzen arteko elkarbizitza eragiten du eta jakina den moduan eleaniztasunak eta hizkuntzen arteko elkarbizitzak ez ditu predikuak behar, praktikanteak zor ditu".

"GAINDITZEKO ASIGNATURA"

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordearen esanetan, aniztasunarena oraindik orain Estatuak "gainditzeke duen asignatura" da. Izan ere, bere iritziz, "Espainiar Estatuak eta bere baitako gizarteek eleaniztasunaren zaintza eta sustapena gizartearen eta Estatuaren aberastasun eta aukera bezala hartu beharko lituzke".

"Hizkuntza politikaren alorrean ez zaigu kenketa gustatzen. Aldiz, hizkuntzen, kulturen eta nortasunen batuketa zabaltzen digu etorkizunaren bidea. Hori da Eusko Jaurlaritzaren aukera, bederen", nabarmendu du.

Ekitaldian, Maria Garaña Microsoft Ibericako presidenteak jaso du saria eta lau gobernuetako hizkuntza politikaren buruek parte hartu dute, hots, Patxi Baztarrikak, Bernat Joan Kataluniako Generalitatearen Hizkuntza Politikarako idazkari nagusiak, Marisol Lopez Galiziako Xuntaren Hizkuntza Politikarako idazkari nagusiak eta Margalida Tous Balear Uharteetako Governeko Hizkuntza Politikarako idazkari nagusiak.

Estatuko izaera eleanitza sustatzera zuzendutako saria, Euskadi, Katalunia, Galizia eta Balear Uharteetako gobernuek 2007. urteaz geroztik hizkuntz politikaren alorrerako indarrean duten elkarlanaren baitatik sortu da. Lau gobernuak hitzartu dute hizkuntz normalizazioa elkarrekin sustatzea eta hizkuntz politikarako alorretako elkarlana bultzatzea. Halaber, gaztelaniarekin batera ofizialak diren hizkuntzen erabilera eta aitortza instituzionala sustatu nahi dute Estatuaren baitan.

Elkarlanerako protokolo honen barruan eta UNESCOk bultzatuta iaz ospatu zen Hizkuntzen Nazioarteko Urtearen harira eratu zuten saria lau gobernuetako hizkuntza-politikarako goi arduradunek eta honen bitartez urtero pertsona, erakunde edo enpresa bat sarituko da hizkuntzen aniztasunaren alde eta Estatuaren izaera horren alde edota gaztelaniarekin batera ofizialak diren hizkuntzen alde egindako lanagatik.