DONOSTIA 9 Mar. (EUROPA PRESS) -
Ertzaintzaren agenteek gizonezko bat atxilotu dute gaur goizaldean Lasarten (Gipuzkoa), Parisen duela egun batzuk lapurtutako auto bat gidatzen harrapatu ostean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.
Gertakariak gaur goizaldeko 00:50 aldera jazo dira, N-1 errepidetik Madrilgo noranzkoan zihoazen Ertzaintzaren agenteek Frantziako matrikuladun Renault Megane auto bat abiadura bizian zihoala ikusi dutenean. Agenteek gelditzeko agindua eman diote gidariari. Gidaria (autoan zihoan bidaiari bakarra) identifikatu dutenean, ertzainak ohartu dira autoaren sarraila eta aurreko ezkerreko atea indarrez zabalduta zeudela.
Autoaren dokumentazioa aztertzerakoan, ertzainek jakin dute ibilgailu hura martxoaren 6an ostu zutela, Parisen. Matrikulak aldatuta zeuden eta abio-txartela sartzeko zirrikitua ere indarrez zabalduta zegoen. Une horretan sartuta zegoen txartela marka bereko beste ibilgailu baten modelo bati zegokion. Ertzainek gidaria atxilotu egin dute, ibilgailu motordunaren legez kontrako erabileraren delitu bat egin izana egotzita.
Agenteek hainbat material aurkitu dituzte ibilgailuan, besteak beste, labana bat, zenbait tresna eta matrikulei eusteko errematxeak.
Atxilotua (43 urteko gizonezko bat) Portugalera zihoan harrapatu dutenean, eta atxilotu ondoren, Donostiako ertzainetxera eraman dute. Datozen orduetan, dagozkion eginbideak amaitu ostean, Guardiako epailaren esku geratuko da.