EUSKADI.-Pozalaguako kobak (Bizkaia) berriro irekiko dira, baldintza ekologikoetara egokitutako argiztapen berriarekin

Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 18 marzo 2010 11:25

BILBO 18 Mar. (EUROPA PRESS) -

Karrantzan (Bizkaia) dauden Pozalaguako kobak publikoari irekiko zaizkio bihar berriro ere, baldintza ekologikoetara egokitutako argiztapen berriarekin. Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak argiztapen-sistema aldatu du eta orain ez du barnealdea kaltetzen. Argiztapen berria jartzeko 137.000 euroko inbertsioa egin da, eta proportzio berean finantzatu dute "La Caixa" Gizarte Ekintzak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak.

Ekimen horri esker, ez da kobaren barruko baldintza ekologikoen aldaketarik gertatuko. Horrela, halogenoen ordez 'leds'-ak jartzea, eta argiztapenaren uhin, denbora, intentsitate eta sekuentzia kontrolatzea, "aukerarik egokiena dira kobaren barnealdeko baldintza ekologikoen mantentzea eta erabilera publikoa bateragarri egiteko", Enkarterrialde Landa-Garapenerako Elkarteko arduradunek jakinarazi dutenez.

Pozalaguako kobak Karrantza Haranaren mendebalde-mendebaldean daude, Peña Raneron, eta Armañongo parke naturalaren barruan. Haitzulo itzelak eta, batez ere, estalaktika eszentrikoak -lore itxurakoak- dituztelako dira ezagunak. Prozesu bitxi baten ondorioz sortutakoak dira estalaktitak; izan ere, dolomiari eragin dio prozesuak [CaMg(CO3)2], eta, hori dela eta, bisitariek ikus dezaketen bezala, liluragarri bihurtu dira.

Hain ezaguna den galeria nagusian estalaktita eszentriko eta estalagmita ugari daude. 'Versalles' izendatzen da, barruan dituen aberastasunengatik; horiei esker, munduan ez dago horrelako beste kobarik.

Koben neguko ordutegia honako hau da: asteartetik igandera eta jaiegunetan, 11:00etatik 17:00etara. Haitzuloak Ranerotik bi kilometrora daude.

KOBENKOBA

Bestalde, Kobenkoba Karrantza Harana eta Lanestosa artean (Sangrices auzoan) dagoen beste leku interesgarri bat da, bisitari amaiera emateko aproposa. Europako labar-arte paleolitikoaren lehenengo interpretazio zentroa da. Proiektu horretara 1,5 milioi euro bideratu zituen Bizkaiko Foru Aldundiak.

Zentro horrek lurpeko ibilbidea dauka, eta bertara sar daiteke. Kobak paleolitikoko mundurako bidaia paregabea eskaintzen dio bisitariari. Era berean, jolas bezala, gizateriaren lehenengo artea ezagutzeko aukera eskaintzen du; kontinente guztiko haitzuloetako hormetan eta haitz-azaleramenduetan islatzen da arte hori, orain dela 35.000 eta 10.000 urtetik hona.

Contenido patrocinado