Aviso: Esta noticia tiene más de un año. Última actualización: 17/03/2010 13:16
Ertzaintzaren agenteek zazpi gizonezko atxilotu dituzte azken egunotan Bilbon, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) eta Maroko artean droga-trafikoaren delitu bat egin izana egotzita. Agenteek 700 kilo haxix eta 200.000 euro eskudirutan atzeman dituzte. Operazioa Gernikako Instrukzioko 1. Epaitegiak zuzendu du eta azken sei hilabeteotan burutu dute. Operazioarekin, Ertzaintzak desegintzat eman du Euskadin haxixarekin trafikatzen zuen "talde nagusia". Lau milioi euro inguruko balioa zuen sareak hilero mugitzen zuen drogak.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez, ikerketak duela sei hilabete inguru abiatu zituzten, eta Gernikako Instrukzioko 1. Epaitegiko titularrak zuzendu du. Hasieratik, agenteek talde batean jarri zuten arreta; banda oso ondo koordinatuta zegoen, eta Penintsularen hegoaldetik EAEraino droga garraiatzen zuen aldizka, zilindrada handiko ibilgailutan. Bizkaian, trafikatzaileek hainbat lonjatan gordetzen zuten droga.
Sarearen arduradunak, Marokoko gizon batek, luxuzko etxebizitza bat zuen alokatuta Leioan, eta hainbat egun ematen zituen bertan hilero, salerosketak adosteko eta bandaren kontuez arduratzeko. Beste sei gizon osatzen zuten taldea, tartean, lau marokoar. Horietako batzuk drogarekin trafikatzeaz edo droga garraiatzeaz baino ez ziren arduratzen.
Lehenbiziko hiru atxiloketak joan den ostiralean egin zituen Ertzaintzak, 18:00ak aldera, Bilboko San Adrian auzoan. Atxiloketaren unean, sarearen arduradun nagusia 95.000 euro ematen ari zitzaizkion "garraiolarietako" bati, sareko beste kide batek droga dagoeneko gertuko garaje batean zeuden bi furgonetatan zegoela baieztatu ostean. Ibilgailuetan 380 kilo haxix atzeman zituzten.
Hasierako atxiloketa horien ondoren, gainerakoak egin zituzten. Hala, ordu gutxiren ostean, sareko buruaren senitarteko bat atxilotu zuten, diru-kopuru handi bat Malagara eramatera zihoanean. Larunbatean bertan, taldeko buruak Leioan zuen etxebizitza miatu egin zuten, eta bertan, ertzainek 95.000 euro atzeman zituzten. Portugaleteko lonja batean, berriz, 250 kilo haxix eta droga garraiatzeko prest zegoen ibilgailu bat aurkitu zituzten. Ibilgailu horretan, ertzainek 50 kilo haxix atzeman zituzten, aginte-mahaian egindako konpartimentu berezi batean.
Egun berean, droga Penintsularen hegoaldetik EAEra eramateaz arduratzen zen beste gidarietako bat atxilotu zuten. Halaber, desegindako sarean hainbat lan egiten zituen beste gizon bat ere atxilotu zuten.
Agenteek egindako egiaztapenei eta oharpenei esker baieztatu ahal izan dutenez, sareak lau milioi euro inguruko diru-kopurua mugitzen zuen hilero.
Datozen orduotan, atxilotuak Guardiako epailearen esku geratuko dira. Zazpi atxilotuez gain, beste lau pertsona gehiago inputatu dituzte atxiloketa horiekin lotuta. Operazioarekin, Ertzaintzak desegintzat eman du EAEn haxixarekin trafikatzen zuen "talde nagusia".
Ikerketetan baieztatu ahal izan denez, bandaren egitura hierarkizatuta zegoen, eta kideen artean zereginak oso ondo banatuta zeuden. Bandak drogarekin trafikatzen zuen nazioarte mailan; Marokotik bidalitako drogarekin trafikatzen zuen Euskadin, Frantzian eta Holandan, Espainian zehar. Hain zuzen, Espainiako "garraiolariak" erabiltzen zituzten droga garraiatzeko, zilindrada handiko ibilgailuetan.