Justuri irratia sortu dute Uribe Kostako (Bizkaia) euskalgintzako zazpi elkartek

Actualizado: jueves, 1 diciembre 2011 19:46

BILBO, 1 Dic. (EUROPA PRESS) -

Uribe Kosta eta Erandioko (Bizkaia) euskalgintzako zazpi elkartek indarrak batu dituzte Justuri (tximista, bertako euskaraz) irrati euskalduna sortzeko. Oraingoz honako eragileek osatu dute talde sustatzailea: Berbalamiñe Leioako euskara elkartea, Betiko ikastola, Bizarra Lepoan Getxoko euskara elkartea, Erandion Euskaraz Berbots!, Koska irratia, UK aldizkaria eta Ukberri.net.

Irrati berria aurkezteko ekitaldian, datozen asteetan zabalduko den FM irratientzako deialdian Eusko Jaurlaritzak Uribe Kostako euskaldunei lau lizentzietatik bakarra gordetzea salatu dute ekimen berriaren arduradunek.

Eskualdean ia 100.000 euskaldun aktibo zein pasibo bizi dira eta orain arte irratien %13a baino ez dute beren hizkuntzan izan. Gauzak horrela, ez daude aukera txiki hori ere galtzeko prest, eta horregatik, irratia lortzeko auzolanean murgildu eta bazkidetza kanpainari ekingo diote.

Izan ere, "Uribe Kosta eta Erandioko elkarte kolektibo eta pertsona guztiek ateak irekita izango dituzte proiektuan parte hartzeko", Amaia Arriaga eta Iñigo Fernandez de Martikorena ekimeneko bozeramaileek ekitaldian adierazi dutenez. Kanpainaren abiapuntua gaur arratsaldean jarri dute, Algortako Aldai Patronatuan 19:30ean egingo duten aurkezpena dela medio.

Justuri irratia "multimedia, parte-hartzailea, euskaldun eta tokikoa" izango da, komunitateari zerbitzu publikoa eman eta Euskal Herriko beste irratirekin elkarlanean arituko dena.