Manu Katche perkusionistak hasiko du BBK Masters at Work zikloa

Manu Katche perkusionista
Foto: BBK
Actualizado: martes, 7 febrero 2012 17:41

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

   Manu Katche perkusio-jotzaileak BBK Masters at Work zikloa inauguratuko du otsailaren 14an, Bilboko BBK aretoan, iluntzeko 21:00etan eskainiko duen kontzertuarekin, zikloaren antolatzailea den BBK-k prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

   Bateria jotzeko duen estilo bereziak musika-tresna horren erabilera goitik-behera irauli du, ohiko jazzetik hasi eta egungo rockeraino. Bere talentuaren erakusgarri da bere lana eskatu izan duten artisten zerrenda: Peter Gabriel, Joni Mitchell, Sting, Dire Straits, Tears for Fears, The Christians, Robbie Robertson, Joan Armatrading, Paul Young, Tracy Chapman, Pino Danielle, Simple Minds, Joe Satriani edo Richard Wright, kasu.

   BBK aretoan eskainiko duen emanaldian luxuzko hirukote baten laguntza izango du: Tore Brunborg saxoan, Laurent Vernerey baxuan eta Jim Watson teklatuetan.

   Katche zerbaitegatik ezaguna bada, rock grabazioetan perkusioaren ohiko osagarriak sartu izanagatik da, efektu dinamikoak eta egitura anitzak lortuz 'groove' maila garaiari eusteko gai baita, Peter Gabrielen "Sledgehammer" abesti arrakastatsuan erakutsi zuen bezala.

   Afrikako perkusioan hain ohikoa den 'thumbs-up' teknika ere maiz erabiltzen du bateria jotzean eta, askotan, tinbalen gainean uztai kolpeak entzuten dira. Horrek guztiak bere-berea duen soinua sortzen lagundu dio.

   Magia bereziko soinua du Manu Katchek, eta horri esker bere ibilbide oparoan sari garrantzitsuak jaso izan ditu. Izendapen horien artean nabarmen daitezke "Arte eta Letren Zalduna" eta "Victorie de la Musique" 1986an egindako zuzeneko onenarengatik, bai eta urtebete beranduago urteko estudio-musikari onenaren saria eta urteko bateria jotzaile onenaren "Moderm Drummer" garaikurra, besteak beste.

   Masters at Work ziklo berriaren helburua da genero ezberdinetan mundu osoan ospe handiena duten musikarien topaleku eredugarria bilakatzea BBK aretoa, oso zaila izaten baita musikari hauek nazioarteko jaialdi erraldoietatik kanpo ikustea. BBK aretoan formatu txikian entzun ahal izango dira.

   Manu Katcheren kontzertua ikusteko sarrerak dagoeneko salgai daude BBKren orotarako kutxazainetan, www.bbk.es web-orrian eta 944 310 310 telefonoan, 30 euroko prezioan. BBK txartelen jabeek %20 deskontu berezia izango dute.