BILBO, 9(EUROPA PRESS)
Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazi du "gero eta elebidunagoa den gizarte batean" merkataritza jarduera hobetzeko "modurik onena" saltokiak ere "progresiboki gero eta elebidunagoak" izatea dela, horrela "guztiek" irabaziko luketelako, alegia, "merkataritzak, bezeroek, euskarak, bi hizkuntzen arteko bizikidetzak eta gizartearen beraren bizikidetzak".
Baztarrikak, Itziar Epalza Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak eta Xabier Legarreta Kontsumobide Kontsumoaren Euskal Institutuko zuzendariak prentsaurrekoa eskaini dute asteazken honetan Bilbon, merkataritza eta kontsumo nahiz zerbitzuen prestakuntzarekin erlazionatutako sektoreekin batera Jaurlaritzak Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideen 123/2008 Dekretua betearazteko aurrera eramango dituen ekimenen berri emateko. Aurretik bilera bat izan da, eta han, Jaurlaritzak ekimen hauek aurkeztu dizkie merkataritzaren sektoreko 32 ordezkari esanguratsuri.
Horrela, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak azaldu du Jaurlaritzaren printzipio nagusia kontu honetan ere "ez inposatu, ez eragotzi" dela, "ez baita bidezkoa inor hizkuntzaz aldatzera behartzea, ez delako bermatzen bi hizkuntza ofizial horien erabilera".
"Labur esanda, kontsumoan eta arlo sozioekonomikoan ere euskara indartu, kontsumitzailearen informazio euskaraz jasotzeko eskubidea bermatu, kontsumoaren arloan bi hizkuntza ofizialen erabilera eta aukera berdintasuna bermatu, eta kontsumitzaileen askatasuna bermatu hizkuntza aukeratu eta erabiltzeko. Horrek guztiak esan nahi du 'ez inposatu, ez eragotzi'", azaldu du.
Zentzu honetan, bezeroak "gero eta elebidunagoa" izanda, merkataritza jarduerak hobetzeko "modurik onena" saltokiak ere "progresiboki gero eta elebidunagoak" izatea dela esan du. "Guztiok irabaziko genuke. Merkataritzak irabaziko luke, bezeroek irabaziko lukete, euskarak irabaziko luke, bi hizkuntzen arteko bizikidetzak irabaziko luke, eta gizartearen beraren bizikidetzak ere irabaziko luke. Inork ez du ezer galtzeko", azpimarratu du.
HIRU LAN EREMU
Hori guztia kontuan izanda, Jaurlaritzak hiru lan eremu edo ildo nagusi aurkeztu eta kontrastatu ditu merkataritza sektoreko erakundeekin. Alde batetik, enpresa traktoreekiko lankidetza iraunkorra artikulatuko du; bestetik, kontsumitzaile eta erabiltzaileei dagokienez, sentsibilizazio areagotzea du helburu; eta, azkenik, administrazioari dagokionez, arlo ezberdinetan eskumena duten erakunde eta sailen arteko lankidetza iraunkorra eratu du.
Hiru helburu edo lan eremu horietan lan ildo nagusi batzuk zehaztu dituzte. Enpresei dagokien eremuan, enpresa traktoreekin lankidetza hitzarmenak sinatuko ditu Jaurlaritzak, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko ekimenak adostuz, praktika onak burutu eta zabaltzeko eta enpresek egingo dutena adierazteko. "Aurten jadanik sinatuko ditugu hitzarmenak hainbat establezimendu komertzialekin", gaineratu du.
Bigarrenik, merkataritza establezimendu handiei zuzendutako lankidetza ekonomikoa hobetuko du, eta 500.000 euro bideratuko ditu bi urtean (250.000 aurten eta 250.000 datorrenean). Ildo honetan, LanHitz programari ere eutsiko diola iragarri du Baztarrikak, eta horren barruan merkataritza munduko enpresek diru laguntzak jaso ahal izango dituzte; 2015ean ia bi milioi euro bideratu ditu Jaurlaritzak programa horretarara. "Finantzazio honekin hizkuntza pasaia aldakorra bultzatu nahi dugu, bai eta langileen lanerako trebakuntza ere", zehaztu du.
Gainera, Jaurlaritzak doako itzulpen zerbitzua eskainiko die on line merkataritza sektoreko enpresei, bezeroei eta hizkuntza pasaiara zuzendutako ahozko eta idatzizko informazioko testu laburrak euskaratzeko.
Bestalde, Xabier Legarreta Kontsumobideko zuzendariak azaldu duenez, kontsumitzaile eta erabiltzaileei zuzendutako sentsibilizazio kanpaina abiarazi dute irratian, eta, gainera, bere webgunea, sare sozialak eta bloga erabiliko ditu kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzko informazioa emateko.
Azkenik, Baztarrikak esan du Eusko Jaurlaritzak arlo ezberdinetan eskumena duten erakunde eta sailen arteko lankidetza iraunkorra eratu du, kasu honetan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren, Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzaren eta Osasun Sailari atxikitako Kontsumobideren artean.