Oñatiko Kilometroetan parte hartzeko deia egin du Markel Olanok

Olano Kilometroak 2017ko ordezkariekin
GIPUZKOAKO ALDUNDIA
Actualizado: jueves, 7 septiembre 2017 17:39

DONOSTIA, 7 Sep. (EUROPA PRESS) -

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak harrera egin dio ostegun honetan Foru Aldundian Kilometroak 2017 jaiaren antolatzaileek osatutako ordezkaritza bati. Irailaren 24an izango da Gipuzkoako ikastolen aldeko jaialdi handia, Oñatiko Txantxiku ikastolak antolatuta, "Lekaixoka" lelopean, eta Olanok parte hartzeko deia egin die gipuzkoar guztiei.

Bilkuran festaren xehetasunen eta antolakuntza lanen berri eman diote diputatu nagusiari Aitor Guridi Txantxiku ikastolako presidenteak, Zigor Ibartzabal zuzendariak eta Igor Elortza eta Nekane Artola antolatzaileek. Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendari Mikel Irizar ere ekitaldian izan da.

Horrela, foru erakundetik adierazi dutenez, Olanok babes eta atxikimendu osoa adierazi dizkio beste behin euskararen eta ikastolen aldeko ekimenari, eta bat egin du jaialdiak duen helburu sozialarekin. Oñatiko Kilometroak festaren antolatzaileek auzolanaren balioari leku berezia eskaini nahi izan diote, hezkuntza komunitate barruan sortutako elkarlanetik abiatuta, herriko, Debagoienako eta Gipuzkoako eragileekin lankidetza lortzea baitute xede, denon partaidetzaz euskararen eta Euskal Herriaren alde egiteko asmoz. Aurreko Kilometroetarako jarritako helburuek ere izango dute jarraipena: iraunkortasuna, parekidetasuna, aniztasuna eta modernotasuna.

Olanok Kilometroek azpimarratutako balioen garrantzia berretsi du eta, bereziki euskara bultzatzeko lanetan, auzolanari ekitea "hil ala bizikoa" dela adierazi du. Horregatik, dei egin die gipuzkoarrei Kilometroak 2017 jaialdian zein jaialdiari lotuta antolatzen ari diren ekimenetan parte hartzeko, eta euskararen eta aniztasunaren alde "egunero" dihardutenen lana goraipatu du.

"Egun handia eta polita izango da, eta gipuzkoar eta euskaldun guztiak animatu nahiko nituzke euren ekarpena egitera. Lekaixua hitzak, oinatiarrez, oihua edo deiadarra esan nahi du. Garai batean abisuak pasatzeko erabiltzen zen deia, alegia. Nik lelo horrekin bat eginez dei hauxe zabaldu nahi nuke: euskara erabili eta erabilera horrekin gozatzeko deia. Eta hori horrela izan dadin elkarlanean jarduteko deia, horixe baita ikastolek eta Kilometroak urtetan zehar utzi diguten irakaspena eta balio nagusietako bat", adierazi du.