Abian da Bermeoko XX. Arrain Azoka, "Arraina sukaldean: gozoa, erraza eta merkea" goiburupean

Bermeoko XX. Arrain Azokaren inaugurazioa
BERMEOKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 16 mayo 2014 14:29

BILBO 16 May. (EUROPA PRESS) -

Bermeoko (Bizkai) XX. Arrain Azoka martxan da, eta igandera arte, itsas kultura eta arraina ezagutzeko eta bere kontsumoa bultzatzeko ekimen ugari eskainiko du, inaugurazio ekitaldian Idurre Bideguren alkateak nabarmendu duenez. Ekitaldian, bokarta dastatze bat izan dute bertaratatutakoek, eta Bidegurenek bokarta kontsumitzearen garrantzia azpimarratu du.

"Bertoko arraina eta sasoian sasoikoa jatea da aukerarik onena, osasuntsua izateaz gain, ekonomikoena da eta gure arrantzaren jasangarritasuna laguntzen duelako. Bokartaren kanpainan egonda, Bizkaiko Golkoko arrain osasuntsu hau kontsumitzeko momentua da", azpimarratu du.

Bidegurenek inauguratu du Bermeoko XX. Arrain Azoka, eta han izan dira, besteak beste, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailea, Bittor Oroz Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak eta enpresa eta erakundeetako ordezkari ugari.

Bermeoko alkateak ziurtatu du Arrain Azoka, 20. ediziora iritsita, "guztiz sendotuta eta finkatuta" dagoela, eta arrantza kulturaren erakusleiho "paregabea" dela.

Aurten, "Arraina sukaldean: gozoa, erraza eta merkea" goiburua du azokak, eta arrainaren kontsumoa bultzatzeko hainbat nobedade eskainiko ditu, besteak beste, sukaldaritza zuzenean, zentzumen tailerrak eta kata didaktikoak.

"Horrez gain, urtero moduan, gure kontserberen produktuak dastatu, ezagutu eta erosi ahal izango ditugu eta hitzaldi, bisita, jokoak, itsas ibilaldiak, zinema, erakusketak, salmenten simulazioak eta hainbat tailerren bitartez arrantzaren mundua ezagutu ahal izango dugu. Hau guztia jai giro izugarrian", esan du.

Bestalde, inaugurazio ekitaldia egin baino lehen, XVIII. Hegaluze Saria eman zaio Juan Antonio Apraiz 'Koiote' bermeotarrari, Bermeoko itsasoaren ondarea aztertzen eta zaintzen urteetan zehar egiten ari den lan boluntarioa aintzatetsiz.

"Juan Antonio Apraizek Bermeoko izena zabaltzen du eta, era berean, Bermeoko itsasoko historia behar den moduan gordetzen saiatzen da eta ahal duen neurrian ezagupen guzti horiek zabaltzen ditu", esan dute.

Bermeoko XX. Arrain Azokako 20 erakustokiak goizeko 11:00etan ireki dira eta, hiru egunetan zehar, kontserbak dastatu eta erosteko eta jai giroa programa zabal batez gozatzeko aukera egongo da.

Contenido patrocinado